Litekeena da Mikel Goñi eta Jorge Nagore laster bueltatzea

Oronozkoak aurki egingo du azken proba; Irurtzungoa, Frontisetik gertu

I. Magro / Berria

Mikel Goñiren eta Jorge Nagoreren kirol egoera hizpide izan da azken egunotan. Gaur egun bi pilotariak gogor entrenatzen ari dira eta jokatzeko irrikan daude. Laster argituko da biak noiz eta non bueltatuko diren.

Bihar sei hilabete beteko dira Mikel Goñi azkenekoz kantxaratu zenetik. Ordukoan Villamediana de Ireguan jokatu zuen; Apeztegiarekin bikote eginez, Unanueren eta Otxandorenaren aurka. Partida hartan min hartu zuen, baina Elizondon izandako trafiko istripuaren ondorioak izan dira hainbeste denboran kantxetatik kanpo izan dutenak. Medikuak bi hilabeteko atsedenaldia agindu zion eta geroztik apurka-apurka itzuli da lanera. Mikel Goñik onartu duenez lau aste daramatza entrenamendu saio gogorrak egiten. Lan saio horiek Jokin Etxanizen eta bere botilero Miguel Ramon Irigoienen gidaritzapean egin ditu. Oronoztarra Iñigo Pascualekin eta Aspeko beste pilotari batzuekin aritu da lanean. Goñik bere burua «ondo» ikusi duela esan du eta enpresak itzulera data noiz zehaztuko zain dagoela.Aspek, baina, ez du aurrez eginiko hutsa errepikatu nahi eta berriz programatu aurretik azken proba egin nahi dio Goñiri. Oronoztarrak partida bat jokatu beharko du martxoaren 10ean, Aspeko beste kide batzuen aurka. Partida pilotaleku itxian jokatuko da, eta bertan Aspeko buru den Fernando Bidarte egongo da. Goñik Bidarte asebetetzen badu, aurki bueltatu daiteke pilotalekuetara. Bestalde, Jorge Nagorek ere aurki argituko du non jokatuko duen hemendik aurrera. Asperekin sinaturiko kontratua amaitzeko hiru egun falta badira ere, Irurtzungoak Frontiseko buruekin hitz egin du jada. Inaxio Errandonearekin izandako bileran kontratuaren baldintzak eztabaidatu ez baziren ere, Nagorek arazo handirik ez dela egongo aurreratu du. Nagoreri bi aste barru bueltatzea gustatuko litzaioke.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE