Loitegi eta Barrenetxea IV.ak jantzi zuten larunbata gauean Azpeitiko Erremonte Txapelketako txapela. Urnietako eta hernaniko bikoteak 40-30 garaitu zituzten Ansa II.a eta Martirena izarraitz frontoian jokatutako finalean.
Merezimendu osoz lortu zuten garaipena eta Barrenetxeak orain bi urte, Aldaberekin batera, eskuratutako garaipena berretsi du. Loitegirentzat lehenengo txapela da profesional mailan.
Finala hotz hasi zen eta ez oso fin. Atzelariei partidan sartzea kosta egin zitzaien, baina aurrera joan ahala jokua asko hobetu zuten lau erremontistek. Argi dago nerbioek eragin zutela, final bat izanda.
Bosna egin eta gero partidak kalitatea goruntz egin zuen nabarmen. Bikote urdina lehenago sartu zen finalean Barrenetxeak ez baitzuen asmatzen errestoa kentzen Ansari. Gainera Martirenak, txapelketa guztian zehar bezala, bizi mugitu zuen pilota 30garren tantora arte. Ansa ere txukun ari zen eta 20garren tantora arte urdinak eraman zuten agintea. Lauzpabost tantoko aldeak zituzten eta 6-12 ere joan ziren irabazten.
Partidaren erditik aurrera jokoa aldatu zen. Tanto bakarrera hurbildu eta gero, gorriek 20na berdindu zuten. Gogortu egin zen finala. Geldialdia eta gero gorriak askoz hobe sartu ziren kantxara eta urdinei aldiz alderantzizkoa gertatu zitzaien.
21na eta gero, Barrenetxeak sakea aldatu zuen, beherago hasi zen sakatzen eta aldeak hasi ziren ateratzen. Loitegi bera ere hobeto eta erosoago aurkitu zen frontoian. Horrek bost tantoko aldea hartzera eraman zituen gorriak eta 30-25 jarri ziren aurretik.
Ansa eta Martirena gehiago arriskatzen hasi ziren eta akatsak iritsi ziren. Presaka ez zuten asmatu eta hainbat pilota galdu zituzten. Horrela, partidua erabakita geratu zen, 35-28. Txapeldunek ongi jakin zuten abantaila kudeatzen azken tantoetan eta garaipena lortu zuten 40-30.
Lehenengo partiduan hirugarren eta laugarren postua jokatzen zen eta hor Urrutia II.ak eta Larrañagak lortu zuten garaipena, 37-40, Goikoetxea V.a eta Zubiriren aurka, partidu lehiatu batean. Azken hamarkadan 30-36 aurreratu ziren urdinak, 0-6ko partzialarekin eta hor erabaki zen norgehiagoka. hala ere, gorriek ez zuten etsi eta 35-37ra ere hurbildu ziren, nahiz eta azkenean hiru tantora geratu.
Finaleko jaialdian jendeak erantzun ona izan zuen eta lau jardunaldietako sarrerarik onena izan zuen aldearekin frontoiak.
Urriaren 30eko emaitzak Azpeitin Izarraitz frontoian
1. Goikoetxea V.a-Zubiri 37 Urrutia II.a-Larrañaga 40
2. Loitegi-Barrenetxea IV.a 40 Ansa II.a-Martirena 30
Argazkiak: Maialen Andres