Lujan eta Ziskar II.a irabazle Deportivon

Lehen partida irabazi du kubatarrak Iriondoren kontra; bigarrena txapeldunak Galanen aurka

E. Telleria / Berria

Euskadiko Pala Txapelketako hiru partida jokatu ziren atzo arratsaldean Bilboko Deportivon. Lehen Mailan, Lujanek irabazi zuen bat Iriondoren kontra (35-23), eta Ziskar II.ak bestea Galanen kontra (35-33). 2. Mailako partida bat ere izan zen, Beldarrainek Garmaren kontra jokatu eta irabazi zuena (35-31) orain arte jokatu dituen lau partidetatik irabazten duen lehenengoa Beldarrainentzat.

Lujan kubatarra ez da orain arte pilotazaleek uste zuten mailan aritu. Bi partida zituen jokatuak atzo arte, eta biak galduak. Aurrera egiteko aukera apurren bat izatekotan irabazi beharra zeukan atzo, eta horixe egin zuen. 50 minutuko lehian, sakearekin apurtu zuen Iriondo 12 tanto egin zizkion jokaldi horrekin. 9nakoa izan zen azken berdinketa, eta 35-23koa azken emaitza. Iriondok galdu egin ditu jokatu dituen hiru partidak, eta ez du lan errazik aurrera jarraitu nahi badu.Txapelketako bigarren partida gogorragoa izan zen. Ordu eta erdiz aritu ziren Ziskar II.a eta Galan. Asturiarrak hobeto lehen zatian, biak parean ondoren, eta Ziskar II.a txapelduna hobeto azken txanpan, nahiz eta 30-32 atzetik joan, 35-33 irabazi zuen. Sei sake eta bi falta Ziskarrek, eta hamaika tanto saketik Galanek.

Galarretan, Bitoria eta Lizaso erraz (40-20)

Hernaniko Galarretan jokatutako partida nagusia erraz irabazi zuten Bitoria eta Lizasok Zeberio II.a eta Iriarteren kontra (40-20). Oreka gehiago espero zen, bainaZeberio II.ak eta Iriartek ez zuten dakitenik jokatu, eta Lizaso, aldiz, ikusgarri aritu zen berriro. Xabier Bitoriak ederki baliatu zuen haren nagusitasuna aurreko koadroetan nahi adina tanto egiteko. Bigarren estelarrean, ongi gainditu zuen Juaristik jarri zioten proba, eta irabazi egin zuen, Eizagirrerekin, Altuna II.a eta Angel Lekunberriren kontra (40-35).

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE