Eskuko minez aritu badira ere, manomanistako azken bi txapeldunek finalerdiak jokatuko dituzte
IMANOL MAGRO / Berria
Eskuz Banakako Txapelketak baditu jada lehen finalerdiko protagonistak: Juan Martinez Irujok eta Patxi Ruizek, manomanistako azken bi txapeldunek alegia, elkarren aurka jokatuko dute bi aste barru.
Biak iragan asteburuan sailkatu ziren, eta biek eskuko minez jokatu zituzten partidak. Azken urteetan buruz buruko txapeldunek zorte txarra izan dute manomanistan hurrengo aldietan. Lesioek haien jokoa trabatu dute, eta ez dute beren onena ematerik izan. Aurten, final-laurdenetako partiden bezperan, madarikazioak berriz ere segida izango zuela zirudien. Irujok eta Ruizek, baina, irabazi egin zuten, eskuak gehiago minberatu bazituzten ere. Orain bi aste dituzte sendatzeko.Irujok Asier Olaizola kanporatu zuen igandean (22-16). Iazko txapeldunak gorriak ikusi zituen Goizuetakoari irabazteko. Iberokoak ezker eskuko hatz txikia pitzatuta zeukala jokatu zuen, eta 15-16 galtzen ari zenean, kolpea hartu zuen hatzean. Kolpearen ondorioz, aldagelara joan behar izan zuen. Itzuli zenean, partida erabaki zuen. Lehiaren ostean, hatzeko mina hartu zuen hizpide, eta ondo sendatzeko beste astebete nahiko lukeela onartu zuen: «Kolpea hartu dut hatzean. Hamabost egunean sendatuko naizela uste dut, baina hiru aste barru hobeto egongo naiz». Larunbatean, Ruizek aise kanporatu zuen Eugi. Bukaeran, baina, eskua berriz mindu zuela onartu zuen. «Partida erraza izan bada ere, eskuko minez bukatu dut. Eskuak denbora gehiago behar du ondo sendatzeko». Ruizek Belokiren aurkako partidan mindu zuen eskua. Ondoren, bi asteko tartea eduki zuen larunbateko partidaren aurretik. Orain, beste hamabost egun ditu finalerdiaren aurretik. Ruizek, ordea, eskuak denbora gehiago behar duela esan du. Finalerdietako bi protagonistek sendatzeko denbora gehiago eskatu dute komunikabideen aurrean. Bi aste nahikoak izango ote dira? Erantzuna hamabost egun barru jakingo da.