MARKINA, FINAL-LAURDENETARA

Ostiralean Beran egin bezala, joan den igandean Hernanin jokatu zen final-zortzirenetako beste kanporaketa bat, Hernaniren eta Markinaren artean, eta Bizkaiko taldea erraz nagusitu zen, kadete eta gazte mailako garaipenei esker. Harmailetan giro polita zegoela, kanporaketa ona ikusi ahal izan zen, baina etxekoek ezin izan zuten ezer egin euren zaleen aurrean.

 

Kadeteak: Agirreamalloa – Ibarloza (Markina) 22 / G.Arizmendi – Lazkano (Hernani) 5

Gazteak: Arrizabalaga – Urizar (Markina) 22 / Salegi – Garmendia (Hernani) 13

Nagusiak: Albizu – Kastillo (Markina) 10 / Arrieta – Lizeaga (Hernani) 22

 

Kadeteen mailan emaitzak adierazten duen bezala, bizkaitarren nagusitasun handia erakutsi zuten hasi eta buka. 35 minutuko partidan ez zen aparteko misteriorik egon. Ibarloza atzelariak partida serioa eta ona jokatu zuen, urrun jarri zuen pilota eta Agirreamalloak ez zuen barkatu errematean. Guztira hamabost tanto egin zituen, horietatik bost sakearen bidez. Hernaniko bikoteak zeukan guztia atera zuen, baina koska bat gorago daudela erakutsi zuen Markinako bikoteak.

Gazteen arteko partida kanporaketako onena izan zen. Ia ordubetean pilotakada asko jo zituzten, eta lau pilotariek ere erakutsi zuten zergatik dabiltzan puntan. Salegi eta Garmendia biak atzelariak dira, baina ongi hasi zuten lehia. Sendotasuna erakutsita, 8-3 aurreratu ziren. Hortik aurrera gauzak aldatu egin ziren. Urizarri kosta egin zitzaion motorra berotzea, baina behin hori lortuta nagusitzen hasi zen atzean, eta horri esker Arrizabalagak ere gora egin zuen. Hark egin zituen partidako tantorik onenak. 19-5eko partzialari esker azkenean garaipen erosoa lortu zuen Markinak. Distira aurrelariak jarri bazuen ere, Urizar izan zen onena, kolpe freskoa eta sendotasuna erakutsi baitzuen. Emaitza horrekin, guztia erabakita zegoen.

Halere, dena eman zuten nagusi mailako lau pilotariek, eta ordubeteko partida jokatu zuten. 10-8ra bitarte oreka izan zen nagusi. Arrieta eta Kastillo izan ziren protagonistak, baina Albizuk eta Lizeagak ere kunplitu zuten. Arrietak, ikasketak tarteko kanpoan sei hilabete eman ondoren, erakutsi zuen jokoan dagoela, eta hark erabaki zuen lehia. Hamabost tanto lortu zituen, horietatik lau sakez, eta errematean ere fin aritu zen. Distiratsu jokatu zuen, bizi. Kastillok ere goraipatzeko lana egin zuen, tanto bakar bat ez zuen galdu eta. Hori bai, Arrieta jaun eta jabe izan zen, eta Hernanik ohorezko puntua lortu zuen.

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE