MARKINA-XEMEINGO FINALERDIAK

Larunbata, 19:00tan Uni-an

Markina-Xemeingo Grand Slama, finalerdiak

Jai Alai League, 9. proba

BARANDIKA-LOPEZ vs JOHAN-DEL RIO

LADUCHE-BASQUE vs OLHARAN-IBARLUZEA

Heldu dira Markina-Xemeingo finalerdiak. Zapatuan lehiatuko dira orain arte lau bikote onenak izan direnak: Laduche-Basque eta Johan-Del Rio, bi multzo-buruak, eta Barandika-Lopez eta Olharan-Ibarluzea, multzo bakoitzeko bigarrenak.

Galdera da: nor da bikote sendoena? zein da Karmen Egunean txapela jartzeko faborito nagusia? 

BARANDIKA-LOPEZ: Izenez eurek dira gehien. Aurrelari gernikarra oso maila onean itzuli da kantxetara, belauneko lesioa gainditu ondoren. Beste horrenbeste Lopez ere, Estatu Batuetako egonaldiaren ondoren. urrelari gernikarra maila oso onean. Ligaxkan 2-0 irabazi diote Erkiaga eta Zabalari. Jokoz oso sendo, elkarrekin ondo koordinatuta. Maila bikaina erakutsi dute, baina ihes egin zien garaipenak Laduche eta Basqueren aurka. Zergatik ihes? Lehen seta irabazi arren, lapurtarrek desenpatea behartu zuten eta gehiago izan ziren azken bost tantuetan. Markagailuan batuketak eginez gero, 30-29 bukatu zen, Iparraldekoen alde. Aspaldian ikusi dugun partidarik onena eta gogorrena jokatu zuten bi bikoteek. Biak ere, parez-pare. 

LADUCHE-BASQUE: Erakustaldia ari dira ematen, bai aurrelari getariarra eta bai atzelari bidartarra ere. Barandika-Lopez eta Erkiaga-Zabala bikoteak gainditu dituzte ligaxkan. Azken hauei 2-0 irabazi eta 10 tantu baino gehiagoko aldea aterata. Espero zitekeen? hainbeste igual ez, baina Laduche eta Basque aurre-kanporaketa fasetik datoz. Txapelketan sartzeko, bi partida irabazi behar izan zituzten eta ez dira edonolako pilotariak. Basque, Markinako egungo txapelduna, eta Ludovic, ranking-eko bigarren aurrelari onena. Badirudi gainera, garai bateko irregulartasunak alde batera utzi dituztela eta hauen kontra irabazteko, asko jokatu behar da. 

JOHAN-DEL RIO: Bikote gaztea eta indartsua dira. Johan Sorozabalek abiadura itzela ematen dio pilotari. Errebes indartsua du, piloteoan dominatzen daki, sakea ondo ateratzen du, erreboteatu ere bai. Pilotari altua eta luzea, jokaldia amaitzeko hainbat arma ditu. Txapelketa honetan akatsik egin badu, Goitia eta Gorkaren aurka, momentu batean, partidatik ateratzea izan zen. Epailearekin ados egon ez eta urduri jarri zen. Hor joan zitzaien seta, nahiz eta ondoren, partida irabazi. Del Riok berriz, min handia egiten du eskuinarekin, batez ere goitik-behera. Barandika eta Lopezen aurka ez da arma hori ateratzea hain erraza. Xabik defentsa ikaragarria baitu eta Lopezek berdin. Ikusi egin behar, Beteranoek gainera, esperientzia eta patxada gehiago dute, maila honetako partidak ondo kudeatzeko.

OLHARAN-IBARLUZEA: Hauxe da frontoiak gehien animatuko duen bikotea. Ion Ibarluzea, etxeko pilotaria da, aurtengo urtean bereziki gauza asko ikasi eta hobekuntza nabarmena egiten ari dena. Hala ere, txapelketa honetan ez dute partida borobilik jokatu. Lehenengoa 2-0 galdu zuten, Johan eta Del Rioren aurka pilota bizi jarri zenean sufrituz. Bigarrenean berriz, garaipen errazegia Goitia eta Gorkaren aurka. Esan dezakegu entrenamendu «gogor bat» falta izan zaiela, finalerdietara ehuneko ehunean iristeko. Hala ere, Ibarluzeak ondo ezagutzendu Markinako Unia eta Olharan esperientzia askoko pilotaria da. Itxura da gainera, elkar ondo hartu dutela.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE