MARKINAK GORRIAK IKUSI DITU AMURRIORI IRABAZTEKO (2-1)

Gorriak eta bi ikusita sailkatu da Markina Berria Txapelketako final-zortzirenetara. Bizkaiko taldeak Amurrioren aurka neurtu zituen indarrak, Hernaniko Udal pilotalekuan, eta guztia galduta izatetik kanporaketa irabaztera igaro zen. Kadeteetan aise galdu eta gazte mailan galtzen joan ondoren, bazirudien kanporatu egingo zirela, baina emaitzari buelta ematen asmatu zuten. Hala, Markinak final-zortzirenetan Hernaniren aurka jokatuko du.

 

MARKINA 2 AMURRIO 1

Kadeteak: Sololuze – Azpiazu 2 Larrazabal – Ganzedo 22

Gazteak: Agirreamalloa – Ibarloza 22 Albizuri – Ayesta 17

Nagusiak: Albizu – Urizar 22 Gerrero – Murga 8

 

Emaitzak erakusten duen moduan, kadeteen arteko partidak ez zuen kolorerik izan. Larrazabal Amurrioko aurrelariak min handia egin zuen saketik, eta Ganzedoren sendotasuna lagun, aise irabazi zuen. Sololuzek eta Azpiazuk bi tanto soilik egin zituzten.

Gazteen partidan faborito garbia zen Markina, baina konfiantza gehiegirekin kantxaratu ziren Agirreamalloa eta Ibarloza. Euskal Herriko txapeldunak izaki, pentsatzekoa zen puntua aise eskuratuko zutela, baina 16-6 aurreratu ziren Amurrioko Albizuri eta Ayesta. Ongi jokatu zuten arabarrek, baina bizkaitarrek kale asko egin zituzten. Hori bai, berandu baino lehen esnatu, eta onbidera itzulita, 16na berdindu zuten partida. Seriotasunari eutsi zioten partida amaierara arte, eta 17an irabazita, kanporaketa berdintzea lortu zuten.

Gauzak hala, nagusien arteko demak erabakiko zukeen kanporaketa. Partida estua eta orekatua espero zen, baina Amurrioko bikoteak ohiko mailatik behera jokatu zuen. Albizu eta Urizar markinarrek ongi egin zuten beraien lana, eta Murgak opari asko egin zituen. Guerrero saiatu zen handik eta hemendik zukua ateratzen, baina alferrik.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE