Martxan da Lau eta Erdiko Emakume Master Cup Txapelketa

Azken urteetan emakumeen esku pilota izaten ari den garapenean, Emakume Master Cup txapelketak mugarri izan dira eta udazkenarekin batera hemen da berriro bueltan Lau eta Erdiko lehiaketa. Oraindik ere buruz buruko lehiaketetan izen ematea gehiago kostatzen den arren, antolatzaileek iazko erantzun antzekoa izatea espero dute –iaz 80 parte hartzaile izan ziren- Urtero bezala, parte hartzea librea izango da eta interesatuek urriaren 7ra arte izango dute aukera www.emakumemastercup.eus orrialdean.

Aurreko urteetan bezala, bi mailatan jokatuko da Master Cup txapelketa, Lehen mailan eta Promoziokoan. Iazko finalek Sopelan izandako arrakastak bultzatuta, bigarren edizioa Gipuzkoan, Azkoitia bezalako pilota tradizio handiko herri batean jokatuko dira finalak. Finalerdiak, berriz, Amezketako Larrunarri pilotalekuan jokatuko dira eta bi jaialdi hauek ETB-1k zuzenean emango ditu. Sailkatze fasea, berriz, oraindik zehazteke dauden Bizkaiko zenbait herritan jokatuko da.

Printzipioz, pilotari bakoitzak erabakiko du zein mailetan jokatu, baina antolatzaileek izen ematearen jarraipen bat egingo dute, lehiaketak ahalik eta orekatuenak izan daitezen. Nabarmentzekoa da iazko Promozio Mailako txapela jantzi ostean, Eneritz Arrietak Lehen Mailan jokatuko duela. Orain arteko Master Cup guztietan txapeldun izan den Leire Etxanizek ere parte hartuko du.

Etorkizunera begira, antolatzaileek izen emate prozesu hau pilotariei materialaren inguruan galdetzeko probestuko dute. Datorren urtean pilota goxuarekin edo mixtoarekin jokatuko duten galdetzeko.

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE