Merezimendu osoz

Bengoetxea VI.ak eta Belokik finalerdietako lehen puntua lortu dute, Titin III.ari eta Barriolari arazorik gabe irabazi ondoren

IMANOL MAGRO / Berria

Oinatz Bengoetxeak eta Ruben Belokik ondo merezita lortu zuten atzo arratsaldean Binakako Txapelketako finalerdietako lehen puntua. Leitzar gazteak eta Burlatakoak primerako bikote lana egin zuten, erasoan zein defentsan. Aurkariei inolako aukerarik eman gabe. Titin eta Barriola, berriz, oso gaizki aritu ziren. Jokoan sartu ezinik, Aspeko bikoteak merke saldu zuen kanporaketako lehen puntua.

Merezimendu osoz, eta pronostikoak hautsiz. Bengoetxeak eta Belokik bezperan amesturiko partida jokatu baitzuten. Biek euren eginbeharra primeran bete zuten. Bengoetxeak txapelketako partidarik onena jokatu zuen. Erasoan lotsagabe aritu zen, eta sakearekin, agerian utzi zituen Barriolaren eskuin eskuaren gabeziak. Errematean, berriz, arriskatzea erabaki zuen; eta atzo dena sartu zuen. Dena den, leitzar gazteak defentsan eman zuen erakustaldia atzo, txapelketan guztian legez. Bengoetxeak, pilotakada guztiak bueltatuz, erabat zoratu zuen Titin. Hormabikoa, gantxoa zabalean, dejada edo txapagainean moztua, berdin zion: Oinatzek denak jaso zituen.

Atzean, Ruben Belokik lauretan onena aginte erakustaldia eman zuen. Burlatakoak pilota aukeraketan aurreraturikoa bete zuen, batik bat larru bueltako pilotekin. Titin guztiz bakartu zuen, errematea bilatzeko urrundik sartzera bilatuz. Barriolaren aurkako kantxa erdiko lehian, aldiz, erabat nagusitu zen.

Titin III.a eskas

Titin III.a eta Barriola oso gaizki aritu ziren. Ez batak ez besteak ez zuen gozatu. Titin bere hoberenetik oso urrun dago, eta atzo berriz erakutsi zuen. Errematatzen saiatu zen: kamutsegi dago, ordea, eta ez zuen Oinatz pasatzerik izan. Atzean, Barriolak piloteoari eutsi zion, baina ez zuen agintzerik izan. Ezkerrez ondo astindu zuen; eskuinez, aldiz, agerian utzi zuen mina guztiz ez zaiola pasatu.

Bengoetxeak eta Belokik oso erritmo bizian hasi zuten lehia. Piloteoan inposaturiko aginteari esker, Titinen hutsak eta Oinatzen tantoak iritsi ziren (5-10). Urdinak erantzuten saiatu ziren: Titinek hiru tanto egin zituen jarraian, eta markagailuan hurreratzea lortu zuten. Triziokoak, baina, ez zuen laugarrena egiterik izan, eta txapapera bidali zuen Oinatzek oso ondo defendituriko tantoa (8-11).

Titinen hutsarekin batera, Aspekoen itxaropen guztia zapuztu zen. Hortik aurrera, Oinatzek eta Belokik ez zuten partidaren lema askatu; leitzarrak eta Burlatakoak 11-3ko partzial batekin itxi zuten lehia.

TITIN III.A-BARRIOLA 10

BENGOETXEA-BELOKI 22

Iraupena: 61 minutu.

Pilotakadak: 615.

Saketik: Titinek 1 eta Bengoetxeak 2.

Markagailua: 2-0, 2-1, 3-1, 3-3, 4-4 4-10, 8-10, 8-15, 10-15 eta 10-22.

Egindakoak: Bengoetxeak 9, Belokik 3; Titinek 6, Barriolak bat ere ez.

Galdutakoak: Bengoetxeak 2, Belokik 2; Titinek 7, Barriolak 3.

Bestelakoak: EPELek antolaturiko Binakako Txapelketako finalerdietako partida. Iruñeko Labrit pilotalekua goraino bete zen. Apustuetako dirua gorrien aldeko irten zen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE