Muskarditz, lehiaketatik kanpo

Jon LEUNDA / Gara

Rene Muskarditzek, Berezkoen Bakarkakoa irabazteko faboritoetako batek, uko egin behar izan dio txapelketari, eta bihar Pausuan Aranbururen aurka jokatu behar zuen neurketa ez du jokatuko. Hori dela-eta, Aranburu zuzenean sailkatu da finalerdietara.

Asko ezustean harrapatu ditu berri horrek, baina Muskarditzen egoera gertutik jarraitzen zutenak ez ditu harritu. Superprestigioa amaitu zenetik eskuetako arazoekin dabil Donibane Garaziko txapelduna, eta behar bezala osatu ezinik zebilen. Aste honetan egin du azkeneko proba, eta pilota jotzerakoan sekulako arazoak izaten jarraitzen duela ikusi ostean, ez jokatzeko erabakia hartu du. Berezkoetan finala bakarrik atzeratu daiteke, bestetarako aukerarik ez baitu ematen, ez arautegiak, ez eta egutegiak ere, eta Muskarditz ezin izan da osatu. Atzeratzekotan, finala bakarrik atzeratu daiteke, eta azkenean ezin izango du jokatu Bakarkakoa.

Aranburu ere ez du erabaki horrek ezustean harrapatu. «Egia esan banekien eskuetatik gaizki zebilela. Hilabete baino gehiago zeraman osatu ezinik eta banekien gaizki zebilela», adierazi zuen. Hendaiarrari horrek finalerdiak ongi prestatzeko balioko diola onartu zuen: «Irabazita aurrera egitea ederragoa da, baina honelako aukerei ere ezin zaie uko egin. Orain, edozer gerta daiteke. Nire aurka Ozafrainen eta Sorhueten arteko irabazleak aritu beharko du, eta nik haiek baino astebete gehiago izango dut atseden hartzeko. Hori mesederako da». Alde horretatik, bihar txapelketako partida bakarra izango da, eta hura Serge Maitek eta Olivier Larretxeak jokatu beharrekoa izango da.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE