Elhina Torneoko finalerako sailkatu dira
Jon Leunda / Gara
Muskarditzek eta Ozafrainek lortu zuten Armendarizeko Elhina Torneoko finala jokatzeko txartela, lehen finalerdian Karrikart eta Etxeto 40 eta 35 mendean hartu ostean.
Partida bikaina jokatu zuten lau pilotariek. Muskarditz eta Ozafrain dira lehiaketa hau irabazteko hautagai nagusiak, eta herenegun ere dirua nabarmen atera zen euren alde, baina gero komeriak izan zituzten garaipena lortu ahal izateko.
Karrikart eta Etxeto nagusi izan ziren partidako azken hamar kintzeetara bitarte, baina hortik aurrera faboritoek hartu zuten agintea eta azkenean finalerako txartela lortu zuten.
Aurretik Societe Generale Torneoko lehen finalerdia jokatu zen, eta hor Idiartek eta Berasategik bereganatu zuten finalerako txartela Ibarburu eta Martiarenari 40 eta 28 irabazita. Garaileek hastapenetik hartu zuten aurrea eta amaierara bitarte nagusi izan ziren. Hobeak izan ziren eta merezita lortu zuten garaipena.