Jorge Nagorek ez zuen piloten inguruan adierazpenik egin nahi izan: «Ez dut ezer esango. Kexatzen den bakarra ni naizela dirudi»
ENEKOITZ TELLERIA / Berria
Izaeraz da nonbait horrelakoa. Pilotak aukeratu behar dituen bakoitzean ez, baina bitik hirutan haur erretxinduaren jarrera hartzen du Jorge Nagorek. Ez dago hari gustua egingo dionik inor, eta konformatzen den apurretan ere ez du sekula lorerik izaten pilotentzat edo hautatzailearentzat. Muzinduta bezala dago beti, eta atzo Zarautzen ez zuen jarrera aldatu, nahiz eta pilotei buruz hitzik ez esatea erabaki. Pilotak ez direla ez onak ez txarrak, ez duela deus esatekorik, jarritakoekin jokatuko duela, eta kito… Arrazoiak eman beharrean, mutu, eta, gainera, muturtuta. «Kexatzen den bakarra ni naizela dirudi», bota zuen. Eta horretan bai duela arrazoia, kontuak ateratzen hasita, askoz gehiago ez daude.
Bezperan Atano III.a frontoian bildutako jendetzarik ez, baina askoz gutxiago ere ez ziren atzo Zarauzko Aritzbataldera joandakoak. Nagorek Jesus Mari osabarekin aukeratu zituen pilotak; 106,1 eta 106,8 gramokoak. Galantak. Ives Salaberri Xala-k, ohi bezala, Panpi Ladutxeren laguntzaz aukeratu zituen bereak; 105,8 eta 105,3koak. Larrua bueltatutakoa bat. Xalaren hitzetan, «bizia».
Tira egin, eta hitzik ez
Nagorek hitz egin zuen lehenengo komunikabideekin. Piloten inguruan ezertxo ere ez, tiraka aritu ginen arren: «Ez dakit, ez dauka garrantzirik, ez dut ez baiezkorik ez ezezkorik esango. Ez dut ezer esango. Kexatzen den bakarra ni naizela dirudi. Daudenak daude, eta jartzen dizkidatenekin jokatuko dut». Kito. Partidari buruz bakarrik nahi zuen hitz egin. Xalarekin ez dela fio, Aimarren kontra ez zela ongi aritu, baina lau t’erdian pilotari arriskutsua dela. «Nik serio jokatu behar dut, eta berari eroso jokatzen ez utzi. Pilotari errematatzaileek erritmo bizia jartzen dute, boleaz eta gantxoan primeran moldatzen da, eta botez jokarazi behar diot, horretan saiatuko naiz». Onartu zuen Aimarren aurka ez zuela aukerarik izan, kontrarioak partida bikaina egin zuelako. Igandekoa, ordea, beste partida bat dela, eta hil edo bizikoa, gainera: «Galtzen duenak ez du ia aukerarik izango finalean sartzeko. Mentalizatuta eta serio jokatu behar dut». Sakearekin min egiten saikatuko dela, Xalari irabazteko partida ona jokatu beharko duela, lau t’erdian egiten duenak eta kontratua berritzeak ez dutela zerikusirik, eta bihar Barriolak eta Olaizola II.ak jokatu duten partida aurreratutako finala dela esatea «espekulatzea» dela ere esan zuen. Pilotei buruz hitz egin zezan azken ahalegina egin genuen, eta honela erantzun zuen: «Handiak dira… Ez dakit nolakoak diren. Hemen, kexatzen denaren arabera, baten edo bestearen hitzek garrantzi handiagoa izaten dutela dirudi».
Beste aldarte batekin aritu zen Ives Salaberri Xala. Pilota «onak» zirela, eta izatekotan ere bat zegoela mugitzeko zail samarra. Larrua bueltatutako bat aukeratu zuela berak, eta hura bizi samarra zela. Barriolaren kontrako partidaren biharamuna «gogorra» izan zela aitortu zuen, baina eman diola egoerari buelta, eta Nagoreri aurre egiteko prest dagoela. Izan zituen haren jardunak ironia fin eta umore zipriztinak ere. Aimarren kontrako jipoia ahaztu duen galdetu zion kazetari batek, Aimar eta Barriola nahastuta. «Aimarren kontrakoa oraindik ez», erantzun zion Xalak barrez. Nagoreren kontrakoari nola aurre egingo dion galdetuta, berriz, zera: «Ez daukat beldurrik, 22-5 galtzea zer den jada badakit». Ikasi egin baitu partida hartatik Xalak, eta beste era bateko norgehiagoka jokatu nahi du Nagoreren kontra. «Sakean eta errestoan hobeto aritu behar dut, eta lehen tantoak gogortu egin behar ditut, partidan sartu ahal izateko». Igandeko hori hil edo biziko partida dela badaki. «Irabazten badut, aukerak izango ditut oraindik. Ea nire jarduna hobetzen dudan. Gustura nago, beste pilotari handi baten kontra arituko naizelako».