Berria
Jorge Nagorek San Fermin torneoko, Aspe eta Asegarcek nafarroako lau t’erdiko txapelketari eman dioten izen ofiziala, finalerdirako txartela lortu zuen Abel Barriola txikitu ostean (22-5). Zarautzeko Aritzbatalden igandean jokatu zen partidan. Nagorek ez zuen beste munduko jokorik egin, Irurtzungoak zaletu guztiek ezagutzen dituzten eta bere-bereak dituen armak erabili zituen: harrikada sakean, zortzi tanto lortu zituen lehe pilotakadarekin, eta txapa gainean etengabe moztu.
Markagailuko aldearen gakoa Barriolaren gabezian egon zen. Leitzarra joko bolada txar batean sartuta dago, azken hamar partidak galdu ditu, eta 2002ko txapela lortu zuen haretik oso urrun ageri da. Igandeko partidan Barriola ez zuen eroso egoterik lortu; defentsan ezinean bost pilota bota zituen kontrakantxara eta erasoan kamuts lorturiko bostetatik hiru Nagoreren erruak izan ziren . Leitzarrak udara osoa dauka burua bere tokian jartzeko, hori lortu ezkero jokoaren hobekuntza bakarrik iritsiko zaio.
Bestalde partidak historia gutxi eduki zuen, Barriola 0-3 irabazten hasi bazen ere ilusioa baino ez zen izan. Nagorek 35 minututan egin zituen Abel Barriolarenak, azken hamahiru tantoak erreskadan lortuz.
Gazteiz txapeldun eta beste Herriartekoen azken txanpa
Lurralde desberdinetako herriarteko txapelketak azken txanpan sartuak daude, Arabako txapelduna igandean erabaki zen bitartean Bizkaia eta Gipuzkoako finalak ezagunak dira jada.
Gasteizko taldea nagusitu zen iragan igandean Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokaturiko Arabako herriarteko finalean. Bertan hiriburuko taldeak 2-1 menperatu zituen La puebla de Labarcako bikoteak. Lehen partidan, kadeteetakoa alegia, La Pueblako Jauregi eta Martinez (22-12) gailendu zitzaizkien Albarado ete Berrietari. Garaipen ustela, hurrengo bi partidetan Gasteizko bikoteek buelta eman baitzioten kanporaketari. Lehen urratsa Azpiazu anaiek eman zuten jubeniletan, Ezquerro eta Lacalle (22-7) menpean hartu zituztenenean. Ondorioz finalaren irabazlea seniorren arteko partidan erabakiko zen eta bertan Vicente eta Velasco Lapueblako Muro eta Viteriri (22-13) gailendu zitzaizkien.Bestalde asteburu honetan argitu dira zeintzuk izango diren Gipuzkoako eta Bizkaiako herriartekoaren finalistak. Gipuzkoan Hernani eta Azpeitiak elkar ikusiko dute, iragan asteko finalerdierdietan Azpeitiak 5-1koarekin kanporatu zuen Beasain, Hernanik aldiz Azkoitiko taldearenak egin zituen, azkenean 6-0. Aurreikuspenek Hernani jotzen dute faborito, Hernanikko taldeak azken bost finaletatik lau jokatu ditu eta bitan eraman du txapela etxera.Azkenik, Bizkaiko txapelketako finala zein izango den ere, asteburu honetan erabaki da. Bertan Usansoloko eta Lezamako taldeek neurtuko dituzte indarrak. Lezamako bikoteek Gernikako taldea kanporatu zuten lehen finalerdian. Usansoloko seikotea aldiz Mallabiako taldeari gailendu zitzaion. Jokaturiko bi finaletan garaipena lortu izanak faborito egiten du Lezama, Usansolok ostera ez du inoiz finalik jokatu.