Nagorek eta Olaizola II.ak abiatuko dute ligaxka, Iruñean

Hilaren 20an jokatuko dute horiek, eta 21ean Barriolak eta Xalak, Eibarren

E. TELLERIA / Berria

Hasierako asmoak goitik behera aldatu ditu Eskuzko Pilota Enpresen Ligak (EPEL). Lehen unean batzarrean hartutako erabakiak baliorik gabe gelditu dira nonbait aktak ez zirelako behar bezala bete, eta aldatu egin da Lau t’erdiko Txapelketako finalerdietako ligaxkaren ordena. Barriolak eta Olaizola II.ak abiatu behar zuten ligaxka, eta Nagorek eta Xalak jokatu behar zuten beste partida. Ez da horrela izango. Nagorek eta Olaizola II.ak jokatuko dute lehen partida, hilaren 20an (larunbata), Iruñeko Labriten. Barriolak eta Xalak bigarrena, hilaren 21ean (igandea), Eibarren. ETB1ek bi partidak emango ditu zuzenean.

Bigarren jardunaldia ere zehaztu du EPELek. Lehen jardunaldiko bi irabazleek, hilaren 26an jokatuko dute Donostian (ostirala). Lehen jardunaldiko galtzaileek hilaren 28an jokatuko dute Zarautzen (igandea). Hirugarren jardunaldiko partidak ez dituzte zehaztu.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE