Jai Alai News
ERKIAGA-IBARLUZEA vs ARBE-MANCI: 15-6, 15-5
Eusko Label Winter Series, 4. jardunaldia
Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak erraz irabazi dute Eusko Label Winter Serieseko euren bigarren partidua. Zazpi punturekin, esku-eskura dute finalerdietarako sailkapena Arbek eta Mancik uste baino erraztasun gehiago eman eta gero. Laugarren aldiz jarraian Gernikako frontoia leporaino bete da baina ez dute partida lehiatua ikusi bertan batu diren ia bi mila ikusleek. Horren ordez, kirolean hainbatetan gertatzen denaren lekuko izan dira. Bata, besteari nabarmen nagusitzen zaiola alegia. Gehiago direla. Kirolaren legea. Zenbakiak hauexek: Ibarluzeak huts bat eta atzean lau egindako. Erkiagak bi huts eta 17 egindako.
Partida hasieratik jarri da aurretik bikote arrosa. Ez dira ondo hasi Arbe eta Manci. Mutrikuarrak hutsak egin ditu set hasiera honetan eta markinarrak ere ez du aurrean nahi beste asmatu. Konturatu orduko 6-1 jarridira arrosak aurretik. Arbek txokoan asmatu du 6-2koan baina ia piloteo gabe 12-3 jarri dira berriz arrosak aurretik. Txapa gainean moztuta eta horma-bikoz egin ditu tantuak Ispasterko pilotariak. Hala ere eta setaren azken zati horretan, tanto borrokatuago batzuk ditugu, ondo piloteatutakoak eta politak. 12-4koa sake errestoan egin du Jokinek, 11-5ekoa sahietsez barruan ondo utzita eta 13-6koa horma-bikoz. Hala ere, kantxan Erkiaga izan da jaun eta jabe, errebotez ezker hormara ondo baztertu du 14-6koa eta bederatzi tantuko aldearekin amaitu du lehen joko hau (15-6).
Bigarren jokoan, Arberen sakera sartu da Erkiaga eta ikutu duen lehen pilota hori hormabikoz amaitu du ispastertarrak (1-0). Mancik ez du set honetan hutsik egin baina 4-1 hasi dira, oraingoan ere arrosak aurretik. Laranjak tanto batera urreratu dira, 4-3 baina berriz egin dute ihes Erkiagak eta Ibarluzeak. 6-3, 12-4 eta 15-5. Pilota bizitu ahala, errebotean ere min egin du Erkiagak eta eroso aritu da partida hasi eta amaitu.
Gaurko partida aurretik Arbe eta Mancik irabazi dituzte Erkiaga eta Ibarluzearen aurkako entseguak. Baina gauza bat da entsegua eta bestea partida. Hala ere, gaur erakutsitakoa baino joko maila altuagoa badute Jokinek eta Mikelek eta gaur 2-0 galdu arren, txapelketan bizirik daude. Animo beraz hurrengo bi partidetara begira!
Erkiagak eta Ibarluzeak B multzoko lidergotza sendotu dute. Oraindik ez dira matematikoki finalerdietan baina 7 puntu dituzte alde eta berdinketa kasuan, oso aldeko tanto-averagea (+29 tantu). Johanek eta Lopezek puntu bat dute(-10); Arbek eta Mancik 0 puntu (-19); oraindik lehiaketan estreinatzeko daude Ludovic Laduche eta Gorka Sorozabal.
OLHARANEN ORDEZ COSME
Datorren asteleheneko partidan aldaketa dago, ez baita Jean Olharan izango. Bearnotarrak egun batengatik ez du jokatzerik izango, hilaren 28an jasoko baitu alta Capbretongo CERS kirol-zentro ospetsuan. Azaroaren 7az geroztik dago bertan internatuta. Eguna 6:45tan hasten dute gosaltzeko eta 8:00tatik 18:00tara izaten ditu errekuperazioko lanak. Goi mailako kirolarientzako zentrua da eta ez dute gauez etxera joateko baimenik.
Olharanen ordez Cosme Aguirre zumaiarrak jokatuko du. Pro Am-eko finalista eta txapelketa honetan, ordezko lehen aurrelaria. Eusko Label Winter Serieseko 5. jardunaldia izango da, A multzoari dagokion partida:
GOIKOETXEA-LEKERIKA vs COSME-DEL RIO
Sarrera guztiak agortuta daude.