«Negutik bizirik irten izana oso garrantzitsua da guretzat» Inaxio Errandonea

Duela urtebete pilota enpresa berriaren lema hartu zuen. Hilabeteok oso ontzat jo ditu eta egun aurrera begira jarriak direla onartu du.

IMANOL MAGRO / Berria

Martxoaren 19an Frontisek urtebete egingo du. Gaur egun une gozoa bizi du, Jorge Nagore fitxatu berri baitute. Berako pilotari beteranoa hilabete hauen inguruan mintzatu da.

Nagoreren fitxaketa albiste pozgarria izan da Frontisentzat.

Hala da, aurrerapauso handia da, jauzi kualitatibo garrantzitsua delako. Berak, lau t’erdian batez ere, sekulako maila dauka eta guregana etorri izanak irudi mailan asko lagunduko digu.

Negoziaketak errazak izan al dira?

Bai, berak ondo ezagutzen duelako guk zer eskani dezakegun. Aspaldidanik ezagutzen dugu elkar eta berak ondo daki oso serio jarduten garela. Guk aukera on bat eskaini diogu eta berak baliatu egin du.

Martxoaren 19an urtebete egingo duzue, lehen hilabete hauen balorazioa egin ezazu.

Bi etapa desberdin izan ditugu. Lehen sei hilabeteetan udako jaialdiak antolatu genituen eta oso onak izan ziren. Oso lanpetuta aritu ginen eta ez genuen neguko hilabeteetan pentsatzen jartzeko betarik izan. Gero urri azaro aldera gordeta ibili ginen hortik aurrerakoak prestatzen.

Orduan Openak eta Zirkuitua iritsi ziren, nola doakizue hauekin?

Buruan genuen ideia zen, baina antolatzea eta aurkeztea falta zitzaigun. Proiektua besapean genuela federazioetara jo genuen, eta oso harrera ona izan dugu. Jaialdiak antolatzeaz gain, pilota profesionalaren nondik norakoa pilota eskoletara gerturatu dugu eta horrek asko lagundu digu. Openak antolatzeko orduan, berriz, kokagune egokiak aurkitzea izan da erronka. Nafarroakoa antolatzean ideiaren inguruko ezjakintasun handia zegoela nabaritu genuen. Bizkaian eta Araban oso ondo aritu gara. Errioxan apur bat kosta zaigu eta Gipuzkoan ez dut uste arazorik izango dugunik.

Babesleen bila ere aritu zarete, Telefonicaren publizitatea daramazue.

Hala da, laguntza bilatzen aritu gara, aurrera egin ahal izateko babesleak ezinbestekoak baitira. Babesleek, ordea, telebistan tokitxo bat eskatzen dute eta horrelakorik ezean oso zaila da babesle gehiago aurkitzea.

Beste enpresa txikiek baino oihartzun handiagoa jaso duzue.

Hala da, ni Besagainen aritu nintzen urtebetez eta asko ikasi nuen. Pilota munduan, bi enpresa handien azpitik dagoen antolakuntza oso tristea da. Frontisen, beste enpresetatik desmarkatzen eta gure bidea egiten saiatu gara. Guk, adibidez, federazio desberdinekin hitz egin dugu eta epaileak eskatu ditugu jaialdi guztietarako. Halakorik ez da ikusten beste enpresa txikietan. Horrela irudi oso ona lortu dugu eta bere fruituak eman ditu. Orain, negutik bizirik irten izana oso garrantzitsua da guretzat, horrek sendotu egin gaituelako. Guk ondo antolatzen ditugu gauzak eta herriek biziki eskertzen dute.

Maiatzerako masterra antolatzeko asmoa duzue?

Bai, urtero antolatzen saiatuko gara, aldi bakoitzean lurralde desberdinetara eramanez. Aurten Bizkaian jokatuko da. Esan beharra dago aurten sistema hau eratu dugula, halere baliteke hurrengo urteetan aldaketaren bat egotea. Arrakasta ikusita baliteke hurrengo urteetan lurralderen batean bi ireki antolatzea

Manomanistaren inguruan ere pentsatzen jarriak omen zarete.

Bai aukera hori aztertzen aritu gara. Partida ona lortzea zaila bada ere, jendeak banakako jokoa nahiago baitu. Aurtengo masterra lau t’erdian jokatuko dugu, buruz buruko modalitate politena delako. Gero, hurrengo urteetarako, ikusiko dugu.

Zer dela eta urdin argia eta laranja elastikoetarako?

Katalogoan laranjak gorria zirudien, laranjaren antzekoa baina gorria. Gero elastikoak egin zituztenean nahiko laranjak irten dira. Hala eta guztiz ere oso politak dira eta eskaera asko jaso ditugu.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE