Ismael Chafee gora bidean. Lortu du. Ezagutarazi du bere burua. Eta ez da lan erraza izan. «Jendeak askotan esaten du ‘eta hau nondik irten da?’. Gehiago oraindik nirea bezalako abizen bat badaukazu»
Enekoitz telleria / Berria
Zurrunbiloetan hartzen du indarra haizeak Irurtzunen (Nafarroa). Arakil ibaiaren ertzeko makalak etzateraino hartu. Herriko plazan arimarik ez. Ausardia behar da. Ederra ari da botatzen. Dauden apurrak kafetegiaren epelera egin dute. Ismael Chafeek ere bai. «Agur» bati eta «kaixo besteari». Guztiek zoriontzen dute. «Ikusten duzu? Orain elkarrizketak eta guzti egiten dizkidate», esaten die txantetan. Patxadaz mintzo da, baina zaburik egin gabe, begietara begira. Primeran moldatzen da euskaraz, baina esan beharrekoak argiago esaten omen ditu gaztelaniaz. Guztien ahotan dabil lau t’erdiko txapelketan. Orain du «lehen mailako pilotariei» eskaintzen zaien arreta eta atentzioen berri, baina «bigarren mailakoentzat» eskatzen du berak tratu antzekoa, «edo errespetu gehiago». Lehen partida horretan erakutsi zuena baino gehiago dela erakutsi nahi du astelehenean: «Jendeak ikustea ongi jokatzen dudala».
Behin baino gehiagotan eman izan balitu bezala, bere abizenari buruzko azalpenak ematen ditu. Duela urte asko etorri zela bere aita Alucematik (Ceuta) Euskal Herrira. «Aitari ez diot sekula galdetu zergatik etorri zen. Lanarengatik etorriko zen ziurrenik. Familia badut han baina ez naiz sekula joan. Oraingoz, asmorik ere ez». Goizuetan egin zituela aitak hamazazpi urte. «Nire aitari euskaraz hitz egin eta euskaraz erantzungo dizu, zer erremedio Goizuetan». Baraibarkoa duela ama Saralegi du Ismaelek bigarren abizena, Donostian jaio zela bera, baina Baraibarren egin zituela bere bizitzako lehen urteak. 10 urte zituela iritsi zela Irurtzunera (26 dauzka orain), baina bost kilometrora bizi dela orain, Zuhatzun. «Hori da nire bizitzaren historia, baina neronek ere ez dakit nondarra naizen. Asierrekin eta Aimarrekin nagoenean goizuetarrek diote Goizuetakoa naizela!», argitzen du barrez.Pilotarako sena familiatik datorkio. Goldarazena palista ohi ezaguna osaba du bere amaren anaia, eta Baraibarren umetan bizi izandako urteak ere erabakigarriak izan ziren pilotarako harra sortzeko. Bera jaio zen urtean debutatu zuen Ladis Galarzak (1978), eta bere urterik onenak hurbiletik ezagutu zituen. Irurtzunera aldatu zenean, aldiz, Jorge Nagorerekin egin zuen berehala harremana. «Edozein mutiko bezala hasi nintzen pilotan. Nire abizena den tokikoa da, baina nire bizitza erabat normala da, hemengo beste edozein gazterena bezalakoa», ematen ditu argibideak, argibiderik eskatu gabe.1999an debutatu zuen profesionaletan. «Garai hartan Aspe sortu berria zen eta pilotari mordo batek egin genuen debuta profesionaletan. Egia da garai hura izan ez balitz agian ez ginela horrenbeste izango debutatu genuenak», aitortzen du. Bost urte daramatza Aspen, eta hasi eta urtebetera eskuin eskuan izan zituen arazoez akordatzen da asko. «Hilabeteak egin nituen geldirik. Kolpe handia izan zen niretzat, gogorra izan zen, baina aurrera egin nuen». Ikasi egin du geroztik asko. Urte hasiera ikusgarria egin du aurten, alerik galdu ez, 2. Mailako txapelketa irabazi LaskurainekinÉ «Lehen gehiegi estutzen nuen neure burua», aitortzen du berak. «Orain ere estutzen dut, baina beste era batera».Lehen Mailako lau t’erdiko txapelketan aritzea ez zuen espero. Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoak esan zion jokatuko zuela, baina Bigarren Mailakoari buruz ari omen zela uste zuen berak hasieran. Etxaniz ez dauka saltzeko. «Pertsona gardena da eta aurrez aurre egin eta esaten du dena. Profesionaletan denbora askoan aritutakoa da eta badaki zeri buruz ari den. Teknikoki eta psikologikoki dena kontrolatzen du eta nabaritzen da». Chafeeren alde egin zuen apustu, eta, agerikoa denez, asmatu egin du.
‘UHARTEKO KLANA’
Egunero entrenatzen da Irujo kontrarioarekin
Pilota eta kirola ditu bizibide Ismael Chafeek. Astelehenetik ostiralera egunero entrenatzen da Uharten goizez, eta monitore lanetan aritzen da arratsaldez Iruñeko gimnasio batean. Entrenamenduek, entrenatzeko erak, entrenamendu taldeak «bizia» ematen diotela aitortzen du. Uharteko klana direla dio berak. «Bilerak egiten ditugu gure klanean jendea onartu edo ez onartu erabakitzeko», dio txantxetan. Patxi Eugi, Oscar Lasa, Fernando Goñi eta Martinez de Eulate dira, Ismael Chafeerekin batera, taldean hasieratik daudenak. Juan Martinez Irujo, Abel Barriola eta Urzainki Irujoren botileroaren semea sartu ziren gero. «Aspe sortu zenean behartuta geunden Uhartera joatera, eskema aldatu egin zen gero, baina guk gure kabuz erabaki genuen jarraitzea. Asko laguntzen du horrek. Giro on horrek. Niri bizitza ematen dit horrek. Horrela lan egin ahal izateak. Egon nintzen denbora askoan joan gabe, eta ezin izan nuen ezer egin».
Lau t’erdiko aurreneko kanporaketa gainditu du, eta Irujoren kontra jokatu beharko du heldu den astelehenean, Tolosan. Entrenamenduetako kide eta lagunaren kontra. «Arraroa egingo zait. Atzo bertan egon nintzen berarekin eta esan nion ‘jo, motel! Hire kontra jokatu beharra ere!’. Dena dela, aste honetan ez dugu elkar asko ikusiko, plan ezberdinak egin ditugu eta». Aurrerago ez du begiratu nahi, baina Jorge Nagore dago Tolosako partidako irabazlearen zain. «Hori oraindik arraroagoa egingo litzaidake. Berarekin aritu naiz entrenatzen bera lau t’erdiko txapeldun zela, eta ni ume moko bat baino ez».