Pilotari gaztea da Martinez de Irujo, baina badaki zer nahi duen: txapela irabazi nahi du, eta erantzukizuna onartzeko prest dago
Edurne Elizondo, Berria
Iberoko elizako ezkilek goizeko 11:00ak direla iragarri dute. Herriko frontoia hutsik da, Juan Martinez de Irujoren zain. Ez dator partida jokatzera. Harmailetan eseri da, gure galderei erantzuteko prest.
Duela urtebete manomanistako txapela jotzen zenuen sari nagusitzat; sari hori eskura duzu. Sinesten duzu?
Sinesten hasteko ordua da. Baina oinak lurrean eduki behar dira. Igandean ahalik eta ongien egon nahi dut, eta ezustekoa eman. Pilotariontzat txapelik garrantzitsuena da manomanistakoa, eta behin finalean egonda aukera aprobetxatu behar dut, finalak irabazteko eta gozatzeko baitira.
Nolakoa izan da profesionaletan egin duzun lehen urte hau?
Urte ero samarra izan da. Estreinako partida jokatu nuen, eta, ondoren, lehen mailako hainbat partidatan aritu nintzen udan. Izerdia bota nuen frontoian, eta gauzak ongi atera zitzaizkidan. Hiru txapelketa jokatu ditut, eta bi finaletara iritsi naiz. Nire ametsik gozoenetan ere ez nuen horrelakorik espero. Ez nik, ezta beste inork ere. Gauzak orain arte oso ongi atera zaizkit, eta igandean urtea biribiltzen saiatuko naiz.
Denbora tarte laburrean askok amesten dutena lortu duzu; gauzak oso azkar gertatu zaizkizu; gertatu zaizun guztiak aldatuko ote zaituen beldur zara?
Lortu dudan arrakasta ongi daramadala uste dut, ongi hartu dudala nire gain. Duela urtebeteko pertsona bera naiz. Orain arte lortu dudan guztia oso ongi dago, baina niretzat garrantzitsua da betikoa izaten jarraitzea. Orain arteko jende bera nahi dut nire inguruan. Ez dut uste lortutako arrakastaren ondorioz aldatzea gauza ona denik.
Zer erraten dizute etxean?
Etxea pilotaz gutxien aritzen naizen tokia da. Kalean mundu guztia mintzatzen da pilotaz, eta etxean lasai egon nahi dut. Gurasoak igandea ailegatzeko irrikan dira, hau guztia amaitzeko irrikan. Luze samarra izan da haientzat ere, eta gozatzeko aukera izan nahi dute, behingoz.
Genio biziko pilotaria zara kantxan; horrek lagundu dizu?
Pilotan aritzea gustatzen zait, eta aritzen naizen bakoitzean irabazi egin nahi dut. Barrutik ateratzen dudan amorrua horren ondorio da; huts egiten dudanean nire buruarekin haserretzen naiz, dena ongi egin nahi dudalako. Odol bero apur bat edukitzea ona da goian egoteko.
Hozten jakitea ere bai?
Bai, bai. Horregatik erran dut odol bero apur bat edukitzea dela ona. Gehiegi berotzen bazara zeure onetik ateratzen zara, eta akabo, ezin duzu deus egin.
Hasieran kantxan pazientzia gehiago izaten ikasi behar zenuela erraten zenuen. Lortu duzu?
Pixkanaka hobera egin dut, baina oraindik asko daukat ikasteko. Oraindik ere behar baino gehiagotan sartzen naiz aurrean piloten bila. Baina hori denbora kontua da. Ikasten jarraitzea espero dut, huts horiek zuzendu ahal izateko.
Zer gertatuko da igandean txapela irabazten baduzu?
Ez dut uste gehiegizko ardura izanen denik; irabazteko irrikan nago, familiarekin eta lagunekin ospatu ahal izateko. Pilotari batentzat saririk handiena da.
Txapelak dakarrenari aurre egiteko prest zaudela uste duzu?
Baietz uste dut. Denok helburu bera dugu kantxan: irabaztea. Oraindik ez dakit txapela irabazita zer etor daitekeen, baina ikasteko prest nago. Orain arteko presioari eutsi badiot, gero etor daitekeenari ere aurre egiteko gai naizela uste dut.
Hasteko, partida asko ekarriko lizkizuke txapelak. Zaleak erakartzeko gai zarela erakutsi duzu. Nola daramazu?
Eskertzekoa da. Horrek erran nahi du nire lana ongi egiten ari naizela. Hobe da partida asko jokatzea, bakar bat ere ez jokatzea baino. Badakit uda gogorra izanen dela. Ez dakit zenbat partida jokatuko ditudan; agian gehiegi aritzea ere ez da ona, erre naitekeelako. Enpresarekin hitz eginen dut, uda ahalik eta modurik onenean antolatzeko.
Urte ero honen ondoren, nekatuta?
Bai. Urtarrilaren hasieratik gogor nabil jokatzen. Txapelketen presioa ere zama astuna da, eta gogorra da. Finala jokatzeko eta atseden hartzeko irrikan nago, udako partidak indarberrituta jokatu ahal izateko. Denok dugu une batean bakartzeko beharra.
Zer erakutsi dizu lehen urte honek?
Inork ez dizula deus oparitzen ikasi dut. Kantxatik kanpo denak gara elkarren lagun, baina barruan ez dago lagunik. Irabaztea da helburu nagusia, eta laguna bost tantotan utz badezakezu, hori egiten duzu. Horrek harritu nau.
Hasieran bezainbeste gozatzen jarraitzen duzu pilotarekin?
Binakako txapelketan asko gozatu nuen; manomanistan gehien gozatu dudan partida, noski, Aimar Olaizolaren kontra jokatutakoa izan da. Hasieran urduri samar ibili nintzen, lehenengoz aritu naizelako aurten manomanistan. Xalaren aurka nerbioei eustea espero dut, gozatzeko, hori baita inportanteena.
Manomanistako txapela eskura duzu; eta EGA noizko? zer diote euskaltegian?
EGA? Euskaraz apur bat hitz egitea da nire helburua, oraingoz. Euskaltegian pozik dira. Lehengoan apustuak egin genituen.
Zure aldekoak izanen ziren, ezta?
Bai, gehienak bai.
Zenbatgarren urratsean ari zara?
Hirugarren urratsean. Baina zaila da gero!