Iaz debutatu bazuen ere, igandean Binakako Txapelketako bigarren finala jokatuko du. Han, iaz emaniko irudi kaskarra garbitzen saiatuko da.
IMANOL MAGRO / Berria
Juan Martinez Irujok eta Fernando Goñik berrogeita hamar minutuko lan saio gogorra egin dute Donostiako Atano pilotalekuan. Irujo Auxkin bikotekide duela aritu da, Jokin Etxanizen eta Goñi III.aren aurka. Eztul pixka batekin dabilenez, elkarrizketa dutxa hartu ondoren egitea nahiago izan du. Oso bizkor erantzun ditu kazetariek eginiko galderak, denboraz larri baitabil. Ordubete barru Iberon Korrikaren lekukoa hartu behar du.
Ia ordubeteko saio gogorra egin duzue. Nola ikusi duzu zeure burua?
Oso ondo. Gaurkoa entrenamendu saio gogorra izan da. Piloteo askoko berrogeita hamar minutu aski dira igandeko partida ondo prestatzeko.
Eta eskuak zer moduz?
Nahiko pozik nago eskuekin. Gasteizko azken partidan eskuak apur bat minduta nituela jokatu nuen. Dena den, atseden hartzeko izan ditugun azken hamar egun hauetan ondo sendatu zaizkit.
Saio hauek finalerdietako hirugarren partidako joko maila berreskuratzeko al dira?
Beno, gu hori lortzeko asmoz etorriko gara igandean. Finalerdietako hirugarren partidako maila berean, edo hobean jokatzera. Halere, badakigu aurrean bikote gogorra izango dugula eta ez digutela eroso jokatzen utziko.
Azken partidako joko mailarekin oso pozik gelditu zineten, ezta?
Beno, orokorrean txapelketa guztian emaniko mailarekin nago pozik. Hori bai, azkenekoa jokatu dugun partidarik onena izan da.
Iragan urtean finalera iritsi zinen eta Fernandoren aurka galdu zenuen. Aurten alboan duzu eta finaletarako berme osoa dauka.
Bai, hala da, berak bi final jokatu eta biak irabazi baititu. Orain hirutik hiru izan daitezen espero dut. Egia esan, ez daukat inolako kexurik egokitu zaidan bikote kidearekin. Segurtasun maila hori daukan pilotariarekin jokatzeak konfiantza gehiago ematen dizu, hutsik egingo ez duela badakizulako.
Halere, tantoa egitearen erantzukizuna zuri bakarrik uzten dizu?
Berdin dio. Nik badakit Fernandok piloteoan agintzerik ez duela lortuko, baina hutsik egingo ez duela ere ondo dakit. Gero ni naiz aurrean tantoak bukatu behar dituena. Garbi daukat Fernando gabe ni ez nintzela finalean egongo.
Oinatzek lanak emango dizkizu aurreko koadroetan, finala hor erabakiko al da?
Ez dut hala uste, finala aurrean eta atzean erabakiko da. Oinatz maila izugarrian ari da txapelketan guztian. Oso ondo mugitzen da kantxan eta edozein pilota bueltatzeko gai dela erakutsi du. Igandean tantoa sartzea oso zaila izango da .
Ruben Belokiren sasoi puntuak ikaratzen al zaituzte?
Ruben oso sasoiko dago. Pilota modu ikaragarrian astintzen ari da eta inoiz baino hobeto dagoela iruditzen zait. Halere, ez gaitu inola ere ikaratzen. Fernando Rubenek aurki dezakeen aurkari zailenetakoa baita. Rubenek gogor astintzen du eta Fernando ez da pilota itzultzeaz nekatzen. Partidaren hasieran Ruben kate motzean lortzen saiatu beharko dugu, gero partida erabakitzen saiatzeko.
Zure eraso jokoak kritika ugari jaso ditu, pilota ugari galtzen dituzula-eta. Halere, zuk ez duzu aldatu eta bere fruituak eman dizkizu. Finalean ere berdin arituko al zara?
Ez daukat aldatzeko asmorik, orain arte ondo doakit eta ez dut aldatuko. Nik beti jokatu izan dut horrela, gaztetatik, debutatu nuenean… eta ez dut aldatzeko asmorik. Bi urtean hiru final jokatu ditut, hobetzea ezinezkoa da, eta ez daukat zertan aldatu.
Aurten gehiago eskatu zaizula nabaritu al duzu?
Bai, hala da, eta urtero gehiago eska diezadaten nahiko nuke. Hori hor goian nagoen seinale baita.
Urte bakarrean zure kirol ibilbidea asko aldatu da. Iazko finalaren aurreko urduritasuna eta aurten nabaritzen duzuna asko aldatu al dira?
Bai, bi egoerak oso desberdinak izan dira niretzat. Aurten finala jokatzea zer den ondo ezagutzen dut, iazkoa nire lehen finala izan zen eta. Iaz kantxaratu nintzenean dena oso handia iruditu zitzaidan eta pilotalekuko giroa izugarria zen. Beraiek hamargarren tantoa egin zutenean, ordea, ni oraindik finaletik kanpo nengoen. Aurten iazko finalean emaniko irudia garbitzen saiatuko naiz.
Apustuetako dirua doblean irtengo da zuen alde. Hain faborito garbiak al zarete?
Apustuetako diruarekin denetarik gertatzen da. Gero, guk finala galtzen badugu sekulako zalaparta sortuko da. Gu ez gara faboritoak, finalak beti ehuneko berrogeita hamarrera egoten dira.
Bihar finalerako pilota aukeraketa duzue, hautatuko dituzuen pilotez hitz egin al duzue?
Ezer baino lehen, zer moduzko pilotak ateratzen dituzten ikusi beharko dugu! Gero, saskian aurkitzen dugunarekin, ikusiko dugu zer hautatu. Pilota biziak bilatuko ditugu, frontisetik bizi irteten eta lurretik bizkor ibiltzen direnak.
Zuen sarrerak banatzeko arazorik ez duzue izan, ezta?
Bat ere ez, bakoitzari 150na sarrera eman dizkigute eta motz gelditu dira. Pena da, txapelketako partidetara jende asko etorri delako, eta denentzat adina lortzerik izan ez dugulako.
Joan aurretik, zenbat kilometro egingo dituzu Korrikan?
Bi baino ez. Bat Iberon eta bestea amaren herrian.