«Nire jokoaren hobekuntzak harritu egin nau, ez bainuen espero» Fusto

Duela bi urte iritsi zen Argentinatik, eta hango paleta arinetik palara igarotzea «sufrimendua» izan zen berarentzat. Halere, ondo ikasi du lezioa eta bihar binakakoaren finala jokatuko du.

IMANOL MAGRO / Berria

Bilboko Deportivoko harmailen ilunpean elkartu dira palista eta Berriako kazetaria. Futbola eta Manolo Galanekiko miresmena elkarrizketaren hitzaurre izan dira. Fustok lasai egiten du berba, kutsu argentinarrez eta bizkor. Biraorik ez da falta.

Zer moduz zaude fisikoki? Eta jokoz?

Une oso gozoan nago, bai jokoz, bai fisikoki. Horregatik iritsi gara finalera, bi aldeetatik oso ondo gaudelako. Maila honetan sasoiko ez bazaude berehala nabaritzen da.

Zuk eta Larrinagak azken lau partidak irabazi dituzue, emaitza bolada gozoa beti da lasaigarria.

Horrela da. Ligaxkaren erdi aldean makal antzean ibili ginen; gero, ordea, erritmo egokia hartu genuen berriro ere. Ondorioz, ligaxkako azken bi partidak eta finalerdiko biak errenkadan irabazi ditugu. Koldok eta nik geroz eta hobeto ulertzen dugu elkar, eta horrek asko lagundu digu.

Inork ez luke esango zuek binakakoan debutariak zaretenik.

Egia da. Hasieran asko hitz egin genuen horren inguruan, urdurtasunaren kontua zela-eta. Guk presiorik gabe ekin genion txapelketari, orduan inork ez gintuen faboritotzat jotzen. Gero bi partida nahiko erraz irabazi genituen eta jendea gu faboritoak ginela esaten hasi zen.

Eta aurkariak nola ikusten dituzu?

Bikote oso gogorra da, eta une oso gozoan dago. Hori bai, etzikoa finala da eta finalak partida ezberdinak izaten dira beti. Estebanen aurka jokatzea oso zaila da, pilotari oso argia delako. Bere aurka aritzea oso ezerosoa da. Galan ere sasoiko dago eta horri tantoa egitea ia ezinezkoa da. Hor atzean tinko jartzen denean dena bueltatzen du.

Nolako partida izango da finala?

Partida lehiatua eta orekatua izango da. Bi bikoteek antzerako jokoa dugu, lauetako inork ez dauka partida hausteko adinako kolperik eta laurok eroso ibiltzen gara piloteoan.

Katedrak eta hedabideek zuek jotzen zaituztete faborito

Ni ez naiz iritzi berekoa. Kanpotik iristen den presio eta iritziei ez zaie jaramonik egin behar. Garrantzitsuena zure eta zure kidearen jokoan konfiantza edukitzea da, kanpokoak ez du garrantzirik. Jendeak esan dezakeenaz haratago gu konfiantzaz lepo gaude, oso ondo baitakigu gure jokoa egiten badugu irabazteko gai izango garela.

Zuen ligaxka bukaera oso estua izan zen, nola gogoratzen duzu? Zer deritzozu sailkatze fase hain luzeari?

Bai horrela da, ligaxka ondo hasi bagenuen ere, gero gure jokoak behera egin zuen. Azken txanpan larri ibili ginen finalerdietan sartzeko. Ligaxka luzea? Beno, zaila da azaltzen. Guri, aurten kalte egin digu, partiden arteko tartea asko luzatu zelako. Halere bere alde ona ere badauka, egun txar bat izan baitezakezu. Partida bat galduz gero oraindik aukerak mantentzen dituzulako.

Bi urte egin dituzu Bilbon eta zure jokoak izugarri egin du gora. Nola azal zenezake hori?

Niretzat ez dira bi urte izan, nik bederatzi hilabete izan direla esaten dut. Uztailean hasi bainitzen serio jokatzen. Aurretik sei hilabete igaro behar izan nituen Argentinan, agiriak berritzen, eta itzultzean hasi nintzen serio lanean. Ordura arte ezin izan nuen erregulartasunez entrenatzerik izan, horregatik diot bederatzi hilabete egin ditudala hemen. Ni ere harritu nau bederatzi hilabetetan nire jokoak izan duen hobekuntzak. Oso denbora gutxian banaka eta binaka final inguruetara iritsi bainaiz. Nik ere ez nuen espero.

Hasierako hilabeteak oso gogorrak egin omen zitzaizkizun?

Bai, sufrimendu hutsa izan ziren. Paleta arinetik hona igarotzea oso zaila izan zen niretzat, oso gaizki pasatu nuen, benetan. Hemengo jokoan dena oso astuna da, pala, pilotaÉ oso zaila da egokitzea. Partiden ondoren goputz osoa minduta izaten nuen. Gainera nik ez diot behetik jotzen, nik dena besoko indarrez egiten dut eta hasiera jipoi latza izan zen. Gero apurka gora egin dut. Argentinan igarotako epean lan asko egin nuen gimnasioan eta ondo etorri zitzaidan.

Argentinako pala mundua oso desberdina al da?

Guztiz. Han 400 gramoko palatxoekin eta gomazko pilotekin jokatzen da. Hemen denak bi aldiz gehiago pisatzen du. Han asko jokatzen da boleaz, airezÉ Pilotalekua ere motzagoa daÉ Oso desberdina da.

Bukatu aurretik, futbolzale eta Riverzale sutsua omen zara, ezta?

Hala da, Argentinan futbola beste modu batera bizi da. Ni Riverzale amorratua naiz. Hori faltan botatzen dut, hango zelaietara joan eta hango giroa bizitzea. Argentinan, palan, Bocako taldearekin jokatu behar izaten nuen eta ez nuen elastikoa jantzi nahi izaten. Nola edo hala armarria estaltzen nuen. Handik irtetean arropa guztia saldu nuen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE