Irujo-Goñi III.ak eta Olaizola I.a-Zearrak euren gustuko pilotak topatu dituzte Eibarko Astelenan, eta ez du oraingoan inork hautsik harrotu
IMANOL MAGRO / Berria
Pilozale askok gogoko ez badute ere, oso zaila da EPELek pilota aukeraketetarako onarturiko sistemak pilotarien nahiak ez asetzea. Are gehiago kantxa gainean enpresa bakoitzeko bikote bana elkartzen denean. Atzo Eibarko Astelenan eginiko hautaketan lau pilotariak konforme gelditu ziren aurkituriko pilotekin, enpresa bakoitzak bere bikotearen nahietara bete-betean egokitzen ziren pilotak eraman baitzituen; zalantzarik gabe, istiluak saihesteko biderik errazena.
Nork berea eta Jainkoak legea dio esaera zaharrak, eta atzo ikusi zen bezala, Aspeko zein Asegarceko teknikariek ondo ezagutzen dute. Asier Olaizolak eta Oier Zearrak oso gogor kritikatu zituzten iragan astean Labriten aurkituriko pilotak; atzo, aldiz, ez zitzaien gustukorik falta izan Asegarcek larrua bueltatutako pilotak eraman zituen bakarrik, hain zuzen ere Olaizolak eta Zearrak, pasa den astean izan ezik, txapelketa guztian aukeratu dituztenen tankerakoak. 105,2, 104, 3 eta 104 gramoko pilotak hautatu zituzten. Juan Martinez Irujok eta Fernando Goñik ere ez zuten inolako kexarik izan. Aurkariek larrua bueltatutakoak aukeratu zituztela jakinda, larru normaleko hiru hautatu zituzten, hirurak Asperen pilota sortakoak. Astunagoak: 104, 2, 105 eta 105,9koak. Atzokoan lau pilotariak oso lasai joan ziren Astelenara, aurrez ondo baitzekiten gustuko pilotak aurkituko zituztela. Hortaz, kazetarien galderak erantzuteko garaian ere ez zuten hauts gehiegi harrotu. Asier Olaizolak gustuko pilotak aurkitu zituztela eta «aurreko astean izan ezik» txapelketa guztian aukeraturikoen antzerakoak zirela esan zuen. Aurkarienak, berriz, bere anaiak pasa den astean hartutakoekin parekatu zituen eta «Astelena bezalako frontoi batean berehala geldituko» zirela aurreratu. Final-laurdenetan mindutako atzazala oraindik ondo errekuperatu gabe duela onartu bazuen ere, igandean sasoi betean aritzeko arazorik ez duela izango garbi utzi zuen. Partida hizpide hartuta, Irujo eta Goñi goraipatu zituen. «Nik txapelketa hasieratik esan nuen txapela janzteko faboritoak zirela».Oier Zearra ere bikotekidearen iritzi berekoa zen, eta aurkariak jo zituen faboritotzat. «Bikote indartsuena da, buruz buruko txapelduna eta iazko binakako txapelduna batera jarri dituzte». Partidaren nondik norakoak azaltzerakoan erritmoaren garrantzia azpimarratu zuen: «Guk gure erritmoa ezarri behar dugu, Asierrek min egin dezan. Horrela Irujo ezeroso jokatzera behartuko dugu, bere erritmo azkarra ezartzen utzi gabe». Juan Martinez Irujo ere konforme agertu zen pilotekin. «Politak eta mugitzeko zailak» zirela esan zuen. Aurtengo txapelketan normalean larrua buelta- tutako pilotak hautatu dituzte; atzo, ordea, larru normaleko hiru aukeratu zituzten. Irujok aldaketaren zergatia azaldu zuen: «Aurretik genekien beraiek larrua bueltatutakoak aukeratuko zituztela. Gainera, larru arruntekoekin gantxoak eta boleak defendatzea zailagoa da». Beraien faborito izaeraren inguruan galdetu ziotenean Iberokoak barre txikiarekin erantzun zuen, «komatxo arteko faboritoak gara, beraiek guri irabazteko oso gai baitira». Partidaren gakoa bere hutsetan egon daitekeela onartu zuen: «Nire hutsek partida erabaki dezakete, serio jokatzen saiatu behar naiz, Azkoitian egin nuen legez». Fernando Goñik ere beraien balizko faborito izaera «anekdotatzat» jo zuen, eta Olaizola I.a eta Zearra txapelketako bikote sendoena direla onartu. «Oierrek dena eramaten du eta Asierren eskuinak edozein puska dezake; gainera, joko bolada oso gozoan daude». Agerpenaren bukaeran Zubiriko atzelariak garrantzia kendu zion beraien aurkariek final-laurdenetan kitarakoa jokatu behar izanari. Horretarako pisu handiko argudioa erabili zuen: «Iaz, txapeldun izan aurretik, Titinek eta biok kanporaketa guztietan kitarakoa jokatu genuen. Sasoi onean iritsiz gero, berdin dio hirugarren partida jokatu behar izateak».
Donostian eta Gasteizen bigarren jardunaldia
Finalerdietako bigarren jardunaldiko partidak non eta noiz jokatuko diren erabakita dago. Hilaren 26an jokatuko dute Irujo-Goñi III.ak eta Olaizola I.a-Zearrak, Donostiako Atano III.a frontoian (Tele 5ek emango du). Hilaren 27an jokatuko dute Titin III.a-Barriola eta Bengoetxea VI.a-Belokik, Gasteizko Ogetan (ETB1ek emango du).