Futbolaria balitz Brasildarra dela esango genuke. Atzo Titin III.k pilota gorengo mailara eraman zuen. Aurre iritziak birrinduz, bere lankidea Merino gaztea maixutasunez zuzendu zuen eta pilotaren mitologian sartuko den partidan, Irujo eta Barriola «gazteei» ikasgai baliogarria irakatsi zien.
Teknikoki bikain jokatu zuen Errioxarrak. Jakinik Irujo askoz gehiago dela fisikoki, aurkariaren errekurtsoak bere alde erabili zituen, batez ere bote lasterrean pilota eramanez. Horrela Irujo ez ustean harrapatu zuen eta pilota etengabe alde batetik bestera mugitzea lortu zuen. Bere atzelariarekin harreman berezia duela erakutsiz behin eta berriro aidezko keinua egin eta bere aurkariak zoratu egin zituen.
Titinen atzoko garaipenak Retegi II.k berari lau t’erdian irabazi zion txapela dakar gogora. Hura final baten gertatu zen eta horregaitik atzokoak baino balio haundiagoa dauka. Adin horietan gorputzak mugak jartzen dizkio kirolariaren borondateari, baina muga horiek gainditzen saiatzen dira Titin bezalako erraldoi batzuk. Mondragonesak 44 urterekin egin zuen bezala, Peru, Txikito Mallabia, Urzelai eta Egia pilotariei buruz buru irabaziz, atzoko Titinen garaipena adin haundiko lorpen gogoragarrien artean geratuko artxibatuta pilotazaleen oroitzapenean.