Final-zortzirenetako kanporaketa guztiak jokatu ondoren, XV. Berria Txapelketak ezagun ditu jada Euskal Herriko zortzi pilota elkarte onenak. Besteak beste, final-laurdenetako sailkapena lortu duten azken bi taldeak Iruñeko Oberena eta Amurrio izan dira, ondo merezita gainditu baitituzte euren kanporaketak. Oberenak Lea Ibarra hartu zuen mendean (2-1), eta Amurriok ere emaitza berarekin irabazi zion Andoaingo Gaztelekuri. Hala, ondorengoak izango dira final-laurdenak: Ilunpe-Erreka, Joko Alai-Tolosa, Lapke-Pagazpe eta Oberena-Amurrio. Asteburu honetan izango dira lehen biak, eta hurrengoan beste biak.
OBERENA 2-1 LEA IBARRA
Urteroko legez, Oberenak lehen kanporaketatik bertatik erakutsi du txapelerako hautagai sendoa dela, nagusitasun osoz garaitu baitzuen Lea Ibarra, igande goizez, Hernaniko pilotalekuan. Kadeteetan, hasteko, 22-9 irabazi zuten Laso eta Igoa nafarrek Enbeita eta Beitia bizkaitarren aurka. Aurrelaria izanagatik, atzelari postuan aritu zen Igoa, eta begien bistan utzi zuen zergatik den onenetakoa maila horretan. Bikain luzatu zuen pilota ezker eskuin, sendotasuna eman zion bikoteari eta, Lasoren laguntzarekin, erraz lortu zuen lehen puntua. Bizkaitarren ahalegina alferrikakoa izan zen.
Bigarren puntuak are errazago hartu zuen Iruñerako bidea, Matak eta Ganboak 22-5 menderatu baitzituzten Okamika eta Anitua. GRAVNI txapelketan txapela jantzi berri du Matak, eta erakutsi zuen profesionaletarako jauzia eman dezakeen pilotari bat dela. Beste erritmo batean aritu zen, era guztietako tantoak egin zituen aurrean, eta neurketak ez zuen kolorerik izan. Gainera, Anituari eskuin eskua mindu zitzaion, eta horrek are errazago bihurtu zien partida nafarrei.
Gauzak hala, dena erabakita zen nagusien partida hasterako, eta Lea Ibarrak ohorezko puntua eskuratu ahal izan zuen. Ez edonola, gainera. Uriona eta Arrizabalaga bizkaitarrek 22-4 irabazi zieten Canabal eta Cordoni. Gehiago espero zen azken horiengandik, baina tentsio eta gogo falta sumatu zitzaien, eta hori baliatu zuten bizkaitarrek erakustaldia emateko.
GAZTELEKU 1-2 AMURRIO
Oreka gehiagokoa izan zen Andoaingo Gaztelekuren eta Amurrioren arteko kanporaketan, azken partidara arte ez baitzen ezer erabaki. Jaialdiari askoz hasiera hobea eman zion Arabako taldeak, kadete mailan 22-7 nagusitu baitziren Larrazabal eta Jimenez Irazu eta Etxeberriaren aurka. Oso faborito ziren garaileak, eta pronostikoek ez zuten hutsik egin. Larrazabalek beste abiadura batean jokatu zuen, eta gipuzkoarrak duin aritu ziren arren, emaitzak agerian utzi zuen dena.
Gogorra eta polita izan zen gazteen arteko partida, jaialdiko onena. Bi aurrelarirekin jokatu zuen Gaztelekuk, Alberdi eta Osarekin, eta Euskal Herriko txapeldun ziren arren galanki sufritu behar izan zuten puntua lortzeko. Izan ere, askoz hobeto hasi ziren Alava eta Gonzalez Amurriokoak, eta haizea alde izan zuten ia beti (10- 4, 12-6 eta 15-12). Hortik aurrera burutsuago jokatu zuten gipuzkoarrek, eta Osaren sendotasun eta Alberdiren erremateei esker kanporaketa berdindu zuen Gaztelekuk (17-22).
Hala, nagusien mailan erabakiko zen guztia. Berdintasuna espero zen, baina lehen tantotik Dorronsoro izan zen kantxako jaun eta jabe. Amurrioko aurrelariak egun handi horietako bat izan zuen, aukera bakoitzean tantoa amaitzen zuelako, eta Legarretarekin batera 22-10 gailendu zituen Eskudero eta Usandizaga.