OBERENAK AISE KANPORATU DU IPARRALDE

Aurrera jarraitzen du XII. Berria Txapelketak, eta dagoeneko erabakita geratu dira final-laurdenak. Bada, Iruñeko Oberena pilota elkartea Euskal Herriko zortzi onenen artean izango da, joan den larunbatean Miarritzeko Plaza Berri pilotalekuan Iparraldeko selekzioari 3-0 irabazi ondoren. Hiru partidetan jaun eta jabe izan ziren nafarrak, eta Doneztebeko Errekaren aurka neurtuko dituzte orain indarrak.

 

KADETEAK. Jon Biscouby-Titouan Mendy (Iparralde) 4

Unai Mata-Pablo Cordon (Oberena) 22

GAZTEAK. Ronan Mendy-Tom Bizeau (Iparralde) 4

Ibon Garcia-Josu Irurita (Oberena) 22

NAGUSIAK. Amedea Lafitte-Xabi Mendy (Iparralde) 5

Eduardo Vidan-Iñigo Etxamendi (Oberena) 22

 

Emaitzek agerian uzten duten moduan, ez zen kolorerik egon kanporaketa honetan. Kadeteei dagokienez, Euskal Herriko egungo txapeldunordeak dira Mata eta Cordon, eta igarri zen zergatik. Maila bikaina dute, eta erakutsi zuten aurkariak baino bi koska gorago daudela. Hasieratik, aurrea hartu zuten (6-0 eta 12-2), eta eroso jokatu zuten. Matak denetariko tantoak egin zituen aurrean, eta Cordonek ere urrun ibili zuen pilota esker-eskuin. Mendyk latz sufritu zuen. Biscouby berriz, ahalegindu zen toki guztietatik zerbait egiten, baina ur korrontearen contra ibiltzea ez da erraza. Halere, detaile politak azaldu zituen. 26 minutuko partidan lehen puntua Oberenak eskuratu zuen.

Hortaz, bigarren partida nahita ez irabazi beharra zeukan Iparraldek, aukerekin jarraitzeko. Baina lehen partidako gidoi berbera errepikatu zen. 7-0 aurreratu ziren nafarrak, Garciaren erremateei esker, baina Iparraldeak egin zituen hurrengo hiru tantoak. Mendy inspiratuta aritu zen (7-3). Bazirudien neurketa orekatu samarra izan zitekeela, baina ez. Oberenak ez zion ezertarako aukerarik eman Iparralderi. Iruritak sendo eta serio jokatu zuen, eta Garciak ez zuen barkatu izandako aukeretan. Hala, 22-4 berriz ere puntua Oberenarentzat.

Gauzak hala, dena erabakita zegoen nagusien partida hasterako. Iparraldeak nahi zuen ohorezko puntua lortu, baina berriro ere, horretatik oso urrun geratu zen. Vidanek zezenaren moduan ekin zion partidari. Ezker eskuarekin denetik egin zuen, eta hura izan zen protagonista. Denetariko erremateak egin zituen: ezkerziarrak, gantxoak, horma bikoak, dejadak…. Guztira hamalau egindako izan zituen, eta Lafitte airean ibili zuen aurreko koadroetan. Atzean berriz, Etxamendi nagusitu zen. Mendyk lan duina egin zuen, baina ez zen aski izan inondik inora.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE