«Asko gozatu dut erremontearekin, baina ikusi dut ezin dudala goiko mailara saltoa eman»
Odei Arregi (Tolosa, 30 urte) erremontistak bere azken partidua jokatuko du larunbatean Galarretan profesionaletan. 2021eko azaroan debutatu zuen Oriamendi enpresarekin eta bi urte bete aurretik beste erronka batzuk ditu aurretik. Azkenengo partidua Loitegirekin jokatuko du, Gurrutxagaren eta Zalduaren aurka.
Bi urte eta gero erremontea utziko duzu.
Erronka bat izan zen niretzat erremontea. Pandemiak aukera eman zidan profesional izateko eta hasiera oso polita izan zen. Debutatzea lortu nuen eta oso gustora aritu nintzen urte t’erdian. Asko disfrutatu dut denbora guztian. Hala ere, ikusi dut saltoa ezin dudala eman. Maila altuagoan aritzea oso zaila da. Beste gauza batzuk ere utzi ditut erremonteagatik. Uzteko erabakia kosta egin zait hartzen, baina erabakia hartu nuen eta orain beste erronka batzuk ditut aurretik.
Nolakoak izan dira bi urte hauek?
2021eko azaroaren 13an debutatu nuen. Balorazioa ona da. Profesionaletara iritsi naiz eta debuta oso ona izan zen. Pelotako beste modalitateetan intentsitate handiko pelotaria nintzen, erasokorra eta tantoa bilatzen nuena. Erremontean ezberdina da. Hemen eusten nuen pelotaria bihurtu nintzen. Nahiko txukun egokitu nintzen. Denak dugu gora iristeko nahi hori, baina zaila da. Boladen kirola da. Partiduak erreskadan irabazten dira, baina galdu ere bai. Oso gustora jokatu dut eta aurrera pausuak eman ditudala usten dut, baina goiko erremontistak urruti zeuden.
Erremontean jardun eta gero gazteei gomendatzen diezu kirol hau probatzera?
Dudarik gabe. Modalitate asko jokatu ditut eta erremontea aldearekin da zailena. Erronka handi bat da. 16 urteren bueltan utzi nuen esku pelota eta ondoren herramintako beste modalitate batzutan ibili nintzen. Hor bizioak hartu nituen eta gero hori erremontean nabaritzen da eta ez dizu uzten modu egokian jokatzen. Erremontean, esku pelotan, bezala eskutik pasata jotzen da pelota. Beste modalitateetan eskura iritsi aurretik. Posturak ezberdinak dira eta eskutik zuzenean erremontera pasaz gero egokiagoa da bizioak ekidin eta postura egokiagoak hartzen diralako. Postura naturalagoa da. Egia da 28 urterekin debutatzeak lasaitasuna ematen dizula, beste ibilbide bat eta konfidantza gehiago ere bai. Erremontea desesperantea izan daiteke, baina ikasketa gune ikaragarria ere bai. Oso polita da. Probatu eta ikasi eta gero asko disfrutatzen da.
Aldageletan nabarituko da zure hutsunea.
Nik ere nabarituko dut. Aldageletan oraindik eta gehiago disfrutatu dut. Egunero joan naiz Galarretara entrenatzera, ikustera, giroaz gozatzera eta beste erremontistak askotan galdetzen zidaten zer egiten nuen bertan. Joan eta entrenatzea ez zitzaidan batere kostatzen. Gainera oso lagunartekoa naiz. Nire izaera hori izan da. Giro hori faltan botako dut.
Zerbait berezia egingo duzu larunbateko despedida eta gero?
Afaltzera joango gara Tolosara ingurukoak. 25en bat. Pelotako lagunak eta familiakoak.