Oier Apezetxea goizuetarrak gaur debutatuko du erremontean profesional modura Berria Erremonte Txapelketan, Aldaberekin bikote osatuz. 2020ko abenduan entrenatzen hasi eta gero 14 hilabete ondoren etorri zaio aukera.
Oier Apezetxea goizuetarrak larunbatean debutatuko du erremontista profesional bezala. Gainera, ez da izanen estreinaldi arrunta. Aldaberekin batera Berria Erremonte Txapelketan jokatuko du bere lehenengo partidua Galarretan, 16:30etan hasiko den jaialdiko hirugarrena, eta aurkari dira Loitegi eta Zaldua I.a.
Esku pilotan, afizionatu mailan urte asko egin eta gero erremontera egin du salto goizuetarrak eta eskutik zesta jartzeko bidea nolakoa izan den azaltzen du Azpeitin bizi den pilotariak. «Josu Apezetxea lehengusuak, zoritxarrez orain gutxi hil zenak, aspaldiko urteetan esaten zidan erremontea probatu behar nuela, baina esku pilotan oso sarturik nengoen. Gero, Larrañaga erremontistak eta Javi Odriozola entrenatzaileak probatzea gomendatu zidaten eta azkenean probatu nuen. 28-29 urte nituen, esku pilotan urte asko, eta frontoian baina zerbait berria nahi nuen. Behin jantzi nuen xestoa Azpeitin eta lehendabiziko pilotakada frontisean sartu nuen. Inpresioa ederra izan zen, abiadurak txundituta utzi zidan. Gustura aritu eta Galarretara hurbildu nintzen. Bertan, hasieran kosta zitzaidan bi pilotakada frontisean sartzea. Hala ere, gustura sentitzen nintzen, nahiz eta goiko posturarekin ez nuen asmatzen eta asko sufritzen nuen. Ez nuen hobetzen, jakinda menderatu behar den lehenengo postura dela».
Esku pilotan aurrelaria izan da Oier eta erremontean berriz atzelari moduan ariko da. «Esan dizudan bezala goiko posturarekin arazoak nituen eta entrenamendu batean atzelari bat falta zen eta Kike Elizaldek atzelari jarri zidan. Lehendabiziko sakea izaten omen da zaila eta hori sartu nuen. Neurriak eta hartzea kosta zitzaidan, baina pixkana-pixkana hobetzen joan naiz, gutxienez berdean pilota gehiago sartzen. Orain bost hilabete hasi nintzen jokatzen atzelari postuan».
«Urtea eta hiru hilabete daramat erremontean jokatzen»
Oier Apezetxea erremontean orain urte eta hiru hilabete hasi zen. «2020ko abenduan hasi nintzen erremontean. Hasieran esku pilota eta erremontea uztartzen nituen. zirt edo zart bietako bat aukeratu behar nuen eta azkenean erremontea aukeratu nuen. Erabakiarekin gustura nago, gainera Oriamendik eman didan aukerarekin are eta gusturago. eskertuta nago».
Galarretan entrenatzen du Oier Apezetxeak astearte eta ostegunetan. «Hasieran astelehen eta asteazkenetan hurbiltzen nintzen». Debuta txapelketan egitea berezia da eta Apezetxeak ez zuen espero. «Egia esan papeleta zaila dut. Txapelketan bertan Loitegi eta Zalduarentzat partidu garrantzitsua da, tanteoa ere oso inportantea da txapelketa honetan, tanto guztiak dira serio jokatu beharrekoak. Niretzat partidu haundi bat da. Badakit bikote oso polita daukadala, bigarren mailako aurrelaririk onena (Aldabe) eta logikoki behar dut horrelako laguntza. Egia esan partidu gogorra dut aurretik eta saiatuko naiz ahalik eta paper onena egiten».
Goizuetan bada beste erremontista profesionala, Zubiri, eta Oier Apezetxea bigarrena izanen da. Herriarentzat gauza ona dela dio Oierrek. «Esku pilotan orain profesional bat dago (Iker Salaberria) eta erremontean bi. Hiru-lau entrenamendu egin ditugu elkarrekin. Arraro egiten zitzaidan bere alboan egotea. Laguntzeko prest egoten da beti, beste erremontista guztiak bezala, eta eskertzen ditut gomendioak».
Gazteak erremontera hurbiltzera lagundu dezakeela uste du. «Ea pixkanaka erremontean jokatzera animatzen den eta erremonteak indar gehiago hartzen duen. Polita izango litzateke jende gaztea mugitzeko».
Erremontea irtenbide bat ere izan daiteke pilotan jokatzen jarraitzeko. «Damututa nago aurretik probatu ez izana. Beti ere eskuz sartzen denak hor amaitzen du ibilbidea. Nik pilotatik kanpo ez nuen ikusten nire burua eta orain lehenago probatu banu gehiago disfrutatuko nukeela seguru nago».
«Erremontean segundu bat asko da»
Erremontean abiadura da gakoa eta kirolaria gehien harrapatzen duena. «Erremontean segundua asko da. Esku pilotan buena egitea errazagoa da, baina hemen gaizki kokatzen bazara pilota badoa beste aldera. Beste erritmo bat da».
Kokapena eta erritmora egokitzea izaten da kirol honek duen beste ezaugarri nagusia. «Pareta ondoan sartuta egotea ere bada beste ezaugarria eta zaila gainera. Esku pilotan, aurrelari bezala, aurkariak pilota jo eta prest egoten zara airez sartzeko. Hemen berriz paretan kontra egon behar duzu. Distantziak edo neurriak hartzea ere hartu behar dira, pixkana-pixkana ari naiz egokitzen».
Sakean oraingoz ongi moldatzen da atzelari goizuetarra. «Ongi sentitzen naiz sakatzen. Beheko posturan askoz ere hobe moldatzen naiz goiko posturarekin baino. Esku pilotan boleista nintzela esaten zidaten, baina erremontean egia esan kosta egiten zait goiko postura hori. Desberdina da, xestoarekin lehenago moztu behar da kolpea eta zailagoa egiten zait».
Erremontean defentsako lan on batek partidu asko irabaztera eramaten du erremontista. «Paretako defentsa beti da oso oso zaila. Urte asko daramanantzat da zaila, pentsa 14 hilabete jokatzen daraman batentzat. Azkenean, kolokazioa garrantzitsua da».
Entrenatzaile lanetan Kike Elizalde intendentea aritzen da. «Hasieran Goikoetxea, Zubiri eta Ansa nituen erakusle, baina orain Kike Elizalde da. Oso gustura beraiekin». Gaurko partiduan lagunak eta senitartekoak ez dira faltako. «Galarretara noizean behin joaten nintzen lehen, baina gutxi. Ansa zalea naiz eta Gaztelu lehengusua ikustera ere joaten nintzen. larunbatean etorriko dira ingurukoak eta gero afaria antolatu dugu 50en bat lagunekin».