«Sei urterako kontratuak ez du esan nahi bost urtean lasai ibiliko naizenik» Enekoitz Telleria Berria
2010. urtea arte Asegarcen jarraituko duela ziurtatua dauka, baina datorkiona patxadaz hartzeko baino beste koska bat gora egiteko baliatu nahi du aukera. Konfiantza elkartrukea izan da.
Jokatu ezinda daramatza azken asteak, eskuetako minez, baina egun batzuen buruan kantxetara bueltatzea espero du. Kontratuari buruzkoak kitatu ditu, eta uda du bakarrik buruan, oraingoz. Lasai sumatu dugu.
Sei urterako kontratua. «Hori da pagotxa!», pentsatuko zuen norbaitek.
Kontratu luzea da egia esanda. Kirol munduan ez gaude ohituta horrelakoak ikustera, baina beharbada pilota munduan bai. Ez naiz epe luzerako kontratua daukan bakarra. Ni gustura. Sei urterako kontratua sinatu badut niretzat oso baldintza onak zituelako izan da, bai ekonomikoki eta bai kirol mailan.
Asegarce enpresak zugan konfiantza handia duen seinale.
Azkenean beraientzat ere suposatzen dut apustu bat dela. Bi parteen aldetik zegoen borondatea akordio batera iristeko. Nik hasieran ez neukan urte kopuru bat buruan, baina azkenean sei urterako izan da eta beraien aldetik ere apustu txiki bat izan da.