Zearrak 11 garaipen daramatza errenkadan; azkenekoa, Lekeitioko Torneoko finalekoa
IMANOL MAGRO – Berria
Pilota munduak irribarre handi bat erakusten du azken hilabeteetan, garaipen pilaketak, jendearen onespenak eta pilotalekuan disfrutatzeak eragiten duen irribarre gozoa, hain zuzen.
Irribarre hori Oier Zearrarena da, galdakoztarra sasoi puntu izugarrian sartuta dago eta emaitza onek pilotalekuan egiten ari den lana islatzen dute. Zearrak jokatu dituen azken hogei partidetatik 18 irabazi ditu, azken 11 garaipenak errenkadan izan dira. Halere garaipenik gozoena azkenekoa izan da, Lekeitioko torneoaren txapela jantzarazi diona. «Torneoetan irabaztea garrantzitsua da, gehienbat kanpora begira». Izan ere, Zearrak azaltzen duenez, nahiz eta udan partida asko irabazi, garrantzitsuena torneoetan ondo aritzea da «beste partidak ia oharkabean pasatzen direlako». Eta hori zen Zearrak behar zuena, bere joko bolada gozoak telebista eta prentsaren begirada erakartzea.Igandean bukatu zen Lekeitoko sanatolinetako torneoa. Han irabazteaz gain, Zearrak pilotari onenaren saria jaso zuen; halere berak garrantzia kendu dio: «Beti da pozgarria horrelako sariren bat jasotzea, baina bai Asierrek [Olaizola] bai Abelek [Barriolak] jaso zezaketen, primerako maila eman zutelako».
Lekeitioko Torneoa hizpide hartuta, finalerdia finala berabaino zailagoa izan zela onartu du eta, Abelek «primerako partida» egin zuenez, irabazteko gorriak ikusi zituztela. Partida hartatik azken txanpako jokoa eta Asierrek «arriskatu» izana goraipatu ditu galdakoztarrak.Torneoak jasotako kritikak gehiegizkoak iruditu zaizkio Zearrari, bere aburuz, «partida ikusgarriak baino gehiago partida gogorrak» ikusi direlako. Era berean, pilotalekuaren eta materialaren ezaugarriak ere kontuan hartu behar direla nabarmendu du. Pilotari handiak faltan nabaritzearen inguruan, berriz, enpresek «garai onean dauden pilotariak» sartu izana defendatu du. Horrela, «Leiza eta antzeko pilotari berriak sar daitezkeelako, eta hori oso pozgarria da».
Asegareceko atzelarien artean lekua bilatzen
Bilboko enpresak atzeko koadroetan pilatzen ditu ia bere jokalari handi guztiak. Bertan, besteak beste, Beloki, Ruiz eta uda honetan bi torneo irabazi dituen Otxandorena ageri dira. Halere, bere joko mailarengatik, Zearrak ere tokia beharko luke puntako pilotari horien artean, eta Lekeitioko garaipena erabakigarria izan daiteke. «Horrelako garaipenak beti iristen dira garaian, gainera, egun enpresan dagoen atzelari mailarekin inor ezin da lotan gelditu, hurrengo konpromisoetan sartu nahi badu».
Hurrengo konpromisoez mintzatzea udako azken torneoaz hitz egitea da, Logroñoko san-mateoetakoa, hain zuzen. Zearrak bertan sartzea espero duela onartu du, baina zalantzak airean utzita: «Kirolariak geurekoiak gara, beti espero dugu leku guztietatik dei egingo gaituztela, eta horregatik espero dut Logroñon jokatzea». Galdakoztarrak irailaren bukaeran jarri du bere ikusmiraren muga, eta oraindik ez da haratago pentsatzen hasi, berak esaten duen bezala «gerokoak oso urrun daudelako oraindik».
Gaur jaialdiak Ordizian, Zestoan eta Bermeon
Gaurkoan ez da pilota jaialdi faltarik egongo; izan ere, esku pilota profesionalak hitzordua izango du Ordiziako, Zestoako eta Bermeoko pilotalekuetan. Hala, Ordiziako Euskal Jaien barnean, bertako Beti Alai pilotalekuan Olaizola anaiak elkarren aurka jokatzen ikusteko aukera izango da (17:30). Aimarrek Peñagarikano izango du lagun, Asierrek, berriz, Ruben Beloki.
Hauetaz gain bi izango dira gaurkoan Asperen zigilua eramango duten jaialdiak. Lehenengoa, eta eguneko erakargarriena, Bermeoko pilotalekuan izango da (18:30etan). Han Eskuz Binakako txapeldun Titin III.ak eta Fernando Goñik Donostia Hiria Torneoko irabazle Xala eta Pascualekin neurtuko dituzte indarrak.Beste jaialdia, berriz, Zestoako pilotalekuan jokatuko da (22:30ean). Azken egunetan gora egin duten pilotariez osaturiko bikote bat, Goñi II.a eta Barriola, alegia, aurtengo udako bi ezuste gozoren aurka arituko da, Gonzalez eta Elkororen aurka, hain zuzen.