Bengoetxea VI.ak aurtengo udako bere lehen torneoa jokatuko du Logroñoko sanmateoetan
IMANOL MAGRO / Berria
Garaipenez eta joko onez beteriko udak bere saria jaso du azkenean, Oinatz Bengoetxeak Logroñoko sanmateoetako torneoan parte hartzeko aukera izango du, Olaizola I.a ordezkatuta. Hasiera batean banakako torneo txikian jokatzeko programaturik bazegoen ere, Olaizolatar nagusiaren lesioak binakakoaren ateak ireki dizkio. Asegarcek pilotari gaztearen aldeko apostua egin du, eta nahiago izan du Bengoetxea VI.a programatzea aurreko torneoetan kantxaratu ziren Unanue edo Leitza sartzea baino.
Bengoetxea berak ere saria izan dela ez du ezkutatzen, hori bai pilotalekuan irabazitakoa. «Alde batetik sari bat izan da, baina bestetik nik ere merezimenduak egin ditudala uste dut». Olaizolaren lesioa ordezkatzeko Leiza eta Unanueren aurretik hautatu dute, halere, leitzarrak ez dio garrantzi berezirik ematen: «Nik ez daukat presarik, sanmateoetan sartzen ez banintzen banekien hor jarraitu beharra neukala lanean. Orain ezustean aukera oso ona eman didate eta ahalik eta ondoren aprobetxatzen saiatuko naiz».
«Gozatzera irtengo naiz»
Aurretik, sanmateoetako buruz buruko torneoa jokatzekoa bazen ere, Bengoetxeak binakakoa jokatzea nahiago du, «uda osoan hala jokatu dudanez, binaka hobe jokatuko dudala uste baitut».
Adarraga eta sanmateoak plaza garrantzitsuak dira, leitzar gazteak, ordea, ez du ardura berezirik: «Ez nago urduri, ni ahal dudan hobekien jokatzera irtengo naiz eta gauzak ondo irtenez gero, hobe». Eta plaza handia izaki, distirak oihartzun handiagoa jasotzen du, «joko polita ez da erraza, aurretik, maila eman, joko ona egin behar da. Gero ikuskizuna badator, hobe».Binakako torneoa erronka garrantzitsua da, eta bertan Beloki izango du lagun Oinatzek. «Ruben primerako atzelaria da, beti egon da hor goian eta bere maila emango du. Ea biok gure maila eman dezakegun»; eta eman beharko dute, lehen ligaxkan aurkituko dituzten bikoteei aurre egin nahi badiote. Izan ere, lehen bi partidetan Martinez Irujo-Pascualekin eta Titin III.a-Lasa III.arekin neurtu beharko baitituzte indarrak. Bengoetxeak arrelariak izan ditu hizpide: «Gogorrak, oso gogorrak, aurtengo udan gehien Xala gustatu baldin bazait ere, Irujo da txapelduna. Titinek, aldiz, Errioxan beti ematen du onena». Aurkariak pilotari handiak izanda ere, Bengoetxea ez da halakoetan ezkutatzen direnetarikoa, eta aurkariei errespetua izatea zilegi denaren ustekoa baldin bada ere, ez die inolako bildurrik, ez. Izan ere, bere aburuz, torneoko lehen txandan beste bikoteek faborito papera defendatuko duten bitartean, bera «gozatzera» irtengo da. «Ni lotsatu gabe irtengo naiz, eta ahal dudana egitera».
Uda arrakastatsua
Bengoetxearen ustez, berak nahiko «merezimendu» egin ditu sanmateoetako ordezkapena lortzeko, emaitzak ere berarekin datoz. Izan ere, uda hasieran leitzarrak hamahiru partida irabazi zituen errenkadan, Iñaki Esainek lau t’erdikoan bere bolada eten zuen arte. «Udan oso gustura jokatu dut, eskuak oso ondo ditut eta partida gehiago jokatzeko gogoarekin nago».
Azken partidan, ordea, ezin izan zituen besoak altxatu. Sanmateoetan sartuko zutela jakinda, Asegarceko zuzendaritzak Olaizola II.a jarri zion aurrean. Goizuetakoak, 18 tantorekin, erakustaldia eman zuen. Bengoetxea ondo aritu zen, 6 tantorekin. Halere, bere ustez, berak «partida ona» egin zuen, «Aimarri gerra pixka bat eman niolako».
Iazko lau t’erdiko txapelketa nagusian eta aurtengo buruz burukoan tokia eduki bazuen ere, leitzarra bere gaztetasunarengatik da ezaguna oraindik. Dena den, horrek ez du gehiegi arduratzen, berak ondo baitaki nola aldatzen den zaleen mentalitatea, «orain arte ez baititut partida garrantzitsuenak jokatu, San Mateo bezalakoetan maila egokia ematen badut, nire jokoarengatik hartuko naute kontuan».