«Olentzerori eskatzeko txapelak baino gauza garrantzitsuagoak daude» Barriola

Gara
Aimar Olaizolak ­Patxi Ruizekin­ eta Abel Barriolak ­Jokin Etxanizekin­ igandeko finala prestatzeko azken entrenamenduak egin zituzten atzo Gasteizen. Leitzakoak eskuineko eskua erabat osatua duela ikusi zuen eta, iragarpen guztiak kontrakoak dituen arren, itxaropentsu dago. Aurretik egin beharreko lan guztiak ondo egin dituenaren konfiantza du, gutxienez atzelariak.

Aimar Olaizolak baino «mimo» gutxiagoz ­Goizuetakoak Patxi Ruiz eta Julián Retegi izan zituen alboan entrenamenduan­, Abel Barriolak ordubeteko lan saioa egin zuen atzo Ogetan Jokin Etxanizekin. Eskuineko eskua osatua duela ikusteaz gain, dejadak lantzeko eta bihar izango den material aukeraketarako lehen hautaketa egiteko aprobetxatu zuen atzoko goiza Abel Barriolak. Saioaren amai- eran, partida handi honi buruz aritu zen solasean GARArekin.

­Zer moduz zaude igandeko finalerako?

Eskua ondo sendatu nahi nuen, eta ondo dut. Inongo eragozpenik gabe jo diot pilotari, eta fisikoki ere ez dut arazorik. Bi aste hauetan ondo egin dut lan igandeko partida prestatzeko, eta itxaron beharra dago orain, materiala aukeratu eta ea igandean zer gertatzen den. Saiatu naiz lana ahalik eta hobekien egiten, eta gertatu behar duena gertatuko da igandean.

­Badirudi iragarpen guztiak aurkakoak dituzula. Mentalizazioa dela-eta, zer egiten du horrek, presioa areagotu edo arindu?

Ez mesede, ez kalte. Pilotariak halako distantzia bat mantentzen jakin behar du. Errealitate bat dago, alegia, arerioa Aimar Olaizola izango dela eta oso joko bolada onean dagoela. Pilotari handia da, eta oso zaila da irabazten. Pazientzia handiko pilotaria da, tantoa oso ondo bukatzen duena, eta berari irabaztea zaila da betiere, baina aurretik egin beharrekoak ondo egiten saiatu naiz; ea igandean zer gertatzen den zuriz janzterakoan.

­Akatsik edo mina nola egin igarri al duzu beragan?

Akatsak aurkitzea zaila da. Lau eta erdikoan onena dela ikusi da. Txapelduna izan zen behin, eta horrek asko esan nahi du, baina nik egin dut egin beharrekoa. Azken batean, aurre egiteko sekretu handiegirik ez dago: ondo sakatu, ahalik eta hobekien eraman, pilota gozatu eta ondo bukatzen saiatu. Horixe da pilotaren ABC-a, eta hori egiten saiatuko naiz, aurkari gogorra izango dudala jakin arren.

­Taktika berezirik bai?

Partida hasi arte itxaron behar da, espero ez dituzun gauzak gertatzen baitira partidetan. Ea nola hasten den; horren arabera erabakiko dut taktikaren bat hartu beharra dagoen.

­Lagun handiak izanagatik, ez dizu irabazten utzi sekula. Ba al du eraginik horrek partida prestatzeko?

Egia da azken partidak berak irabazi dituela, baina partida bakoitza mundu bat da; pilotari bat ez dago sekula joko maila berean, eta igandekoa beste partida bat izango da. Lagunak gara, txikitatik ezagutzen dugu elkar, ondoko herrietakoak gara baina, behin zuriz jantzita, norberak bere interesak defendatzen ditu. Kirolaria indibidualista da; indibidualista izan beharra du, eta bakoitzak berea defendatzen du. Ez nuke esango frontoian etsaiak garenik; arerioak gara.

­Zerbaiterako balio al du Donostiako aurrekariak? Berriro ikusi al duzu partida bideoan?

Akatsak zuzentzen saiatu beharra dago, irabazi edo galdu, eta egunetik egunera pilotari hobea izaten. Donostiakoa partida bat izan zen, eta igandekoa beste bat izango da. Ea gogorrago egiten diodan aurre. Beti gustatzen zait partidak bideoz ikustea, eta jokoaren ia alor guztie- tan izan zela ni baino indartsuagoa ikusi nuen.

­Olentzerori idatzitako eskutitzean, txapela eskatu al diozu?

Partida on bat egitea gustatuko litzaidake. Partida ona egin eta irabaziz gero, oso pozik egongo nintzateke baina, galduz gero ere, kontsolagarri ona da ondo jokatu izana. Baina hau pilota da, eta bizitzan badaude gauza garrantzitsuagoak. Finala eta txapelak politak dira, baina Olentzerori gauza garrantzitsuagoak eskatu behar zaizkio.

­Azken bi urteak oso gogorrak izan al dira?

Bi urteena ez da egia; urte bat izan da. Gehienek bi urte esaten dute, baina txapela irabazi eta hurrengo urtean bi finaletan eta bi finalaurretan egon nintzen; gainera, finalaurre batean 22-12 galdu nuen. Hori ez da urte txarra, edozein pilotarik sinatuko lukeelako; urte on bat da. Egia da iaz ez nuela maila eman eta, memento txarrak iristen direnean, gaizki pasatzen da, baina horietatik ikasten saiatu beharra dago.

­Une txarretan onetan baino gehiago ikasten omen da.Zer ikasi du Abel Barriolak?

Egia da memento txarretan gehiago ikasten dela. Une txarretan ere lasai egoten saiatu behar da, eta bolada horietan lanean babestu eta arma nagusia lana bera izan behar dela ikasi dut. Azkenean, gustatu edo ez, kirolari baten bizitzan beti izaten dira une txarrak. Nik nirea pasatu dut, eta espero dut aurrera egiteko bidea ikasi izana.

­Orain bi urte izan zen giro polit hori errepikatuko al da?

Oro har, beti izaten da giro polita finaletan, pilotaren egun handietako bat delako, eta igandean ere hala izanen da. Bi herri pilotazale dira, eta Donostian ere ikusi zen hori. Apenas gelditzen da sarrerarik, eta nik, behintzat, partida ona eskaini nahi nieke etortzen direnei. Leitza herri kirolzalea da, ez orain bakarrik, eta kalera irtetean jendeak animatu egiten nau; jendea animatuta eta gogotsu dagoela ikusten da.

­Luze gertatzen al da finalaren egunera arte itxarotea? Ezer berezirik egiten al duzu deskonektatzeko?

Niri ez zait luzea gertatzen, partida hori prestatzeko lana egin behar delako. Nire kasuan, eskuetako minez bukatu nuenez gero, lan asko izan dut, ez bakarrik eskua sendatzen; horri esker, burua entretenitua izan dut. Bakoitzak bere ohiturak ditu. Mendian buelta bat ematea eta halakoxe gauzak gustatzen zaizkit niri, eta ona da deskonektatzeko eta finala dela ere ahazteko. Garrantzitsua eta polita da finala, baina pilota partida bat besterik ez da-

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE