Jai Alai News
GOIKOETXEA-ETCHETO vs OLHARAN-BASQUE: 15-11, 14-15, 5-3
Bihar asteartez, finalerako material aukeraketa 11:15tan Gernikan.
Partida ederra eta gozagarria Winter Serieseko azken aurrekoa. Frontoi bete jende eta ikuskizun latza pilotariek kantxa barruan eman dutena. Txapelketako hirugarren postua egon da jokoan, baina protagonisten aurpegikeran eta irribarreetan igarri da, gaur gozatzera etorri direla. Gozatzeaz gain, gozatuarazi egin dute. Atera kontuak. Gorriek partida galdu duten arren, hogeita bost tantu egin ditu Goikoetxea handiak. Hogeita bost erremate oparitu dizkigu, modu eta forma guztietakoak.
Partidako lehenego tantua Nicolas Etcheto aheztarrak egin du. Eskubiz horma bikoa botaz eman dio hasiera, partida alai eta gustagarri bati. Olharanek erantzun dio txapa gaineko batekin (1-1) eta binakoaren ondoren hasi dira urdinak partida apurtzen. Euren taktika, ezaguna bezain logikoa: Iñaki Osa jokoz kanpo uztea. Setaren lehen zatian lortu dute, horretarako pilota komenigarria erabiliaz. 4-8 iritsi dira lehen atsedenaldira eta bost tantuko aldea ere izan dute segidan. Baina aurrelari zumaiarrak errebotez txapa gainean moztu, pilota bizia aukeratu eta hor hasi da zesta-puntako erregearen ikuskizuna. Era guztietako tantuak oparitu dizkigu. Kantxaren jabe egin da, berak hartu du partidaren agintea, eta nahi bezala bukatu ditu tantuak: hormabikoz, zabalean moztuta, bi paretak bien erdira, errebotez, sahietsetik, barruan, txik-txakean. 15-11 irabazi dute lehen jokoa gorriak, Goikoren erakustaldi handi bati esker.
Bigarren seta ere berdintsu hasi da. Iñaki nagusi, 3-0 lehenbizi, 6-3 ondoren. Baina halako batean, urdinek lortu dute partida euren joku-moldera ekartzea. Berriz pilota berria atera eta Etcheto atzeko zulora bidali dute. Aheztarra gogor zigortu dute, bere indar fisikoa tantuz tantu higatuz. Behin seina berdinduta, zortzina eta bederatzina egin dute. Hamargarren koadrotik txapa gainean moztu eta aurretik jarri ditu urdinak Basquek. 12-14 ere izan dira aurretik, baina Goikoetxeak hamalaunakora behartu ditu. Azken tantua hala ere, urdinentzat izan da, eta halaxe heldu dira hirugarren jokora.
Azken setean Etchetok jasotako pilotakadak eman digu susto handiena. Ezker horman pilotak zertxobait «pikatu», lapurtarraren gorputz gainera etorri eta honek ezin izan du izkin egin. Mokor gainean jo dio eta aldageletan sartu behar izan du. Kantxara itzuli denean, Goikoetxeak arrisku gehiago hartu eta tantu eder bat egin arren, 3-5 amaitu da partida. Une erabakigarrienean (3-3), beste txapa gaineko bikain bat bota du Thibault gazteak. Txapelketa ederra jokatu du, Olharanekin komunikazio ona dauka, eta beraientzat da podiumeko hirugarren postua.
Publikoa pozik joan da etxera, tartean Aritz Aduriz, Balear irletan bizi den futbolari ohi ezaguna. Gernikara etortzeko gogoz egon da denbora luzean, harreman ona dauka antolakuntzarekin, eta azkenean lortu du zesta-puntaren Katedralera urreratzea. Bihar asteartez, final haundirako material aukeraketa egingo da Gernikako Jai Alai frontoian. Gogoratu igande eguerdiz (12:00tan) erabakiko dela 2023ko neguko zesta-punta txapelketa. Eusko Label Winter Seriesa. Beaskoetxea-Lopez, Barandika eta Lekerikaren kontra. Hiru gernikar kantxan eta hiruretan beteranoena, pilota profesionalari agur esaten gainera.
Argazkiak: ANDONI IPARRAGIRRE_GUK JAI ALAI