OLHARAN ETA IBARLUZEA, FINAL HANDIRA

* Ion Ibarluzea herriko semeak Markina-Xemeingo final handia jokatuko du, bigarren urtez jarraian

* Olharanekin batera partida bikaina jokatu du eta 2-0 irabazi diete Laduche eta Basqueri

* Barandika iazko txapeldunak, Lopezekin defendituko du aurten titulua

* Del Riok partida utzi behar izan du gerritik lesionatuta. Atain-ek jokatu ditu partidako azken tantuak

* Uztailaren 16an, Karmen Eguneko final handia: Barandika-Lopez vs Olharan-Ibarluzea

BARANDIKA-LOPEZ vs JOHAN-DEL RIO: 11-15, 15-9, 5-2

LADUCHE-BASQUE vs OLHARAN-IBARLUZEA: 13-15, 14-15

Leher eginda bukatu dute Olharanek eta Ibarluzeak. Partida gogorra jokatuta,  2-0 irabazi eta Markina-Xemeingo final handian daude jada. Norgehiagoka gogorra izan da, lehiatua, ondo jokatua eta azken tantuetan bereziki, emozio handikoak izan dira. Olharan eta Ibarluzearengan gehiago atzematen zen nekea. Laduche, ez da inoiz nekatzen. Ikaragarria da getariarraren fisikoa. Baina lehen seta irabazi ondoren (13-15), Olharanek eta Ibarluzeak desenpaterik ez zuten nahi. 

6-10 jarri dira bigarrenean ere aurretik baina lapurtarrek, orain arte txapelketako bikote onena izan denak, norgehiagoka estutu dute. Gogortu egin dute. Erritmo oso altuan jokatuz 11-11 berdindu eta 14-12 jarri dira aurretik. Bazirudien hirugarren seta jokatu beharko zutela, eta hala gertatuz gero, fisikoki, freskoago zeuden Ludovic eta Thibault. Tantu ikusgarriak jokatu dituzte. Pilota sinestezinak sartu ere bai. Olharanek bat, bereziki zaila. Laduche indar guztiarekin «apurtu» baina hala ere saskiratzea lortu duena. Ibarluzeak berak egin du 14-13koa. Horiek 14-14 berdindu dute ondoren eta beraiena izan da azken tantua ere. Harmailak zoratzen, Olharan eta Ibarluzearen kantuak abesten. Eskuak gora altxa ditu Ion-ek, ondo merezita. 

Orain arte, Erkiagarekin jokatuz lortu ditu «merituak» Ibarluzeak: Winter Seriesa eta Bilboko Iron Cupa irabazi ditu. Oraingoan, Aritzekin ikasitakoa Olharanekin jarri du praktikan. Elkar ondo ulertu dira. Komunikazioa dago. Ibarluzea asko hobetu da eta egin behar duena ondo egiteaz gain, tantu ederrak ere amaitu ditu. Hormabikoz, albotik, eta txapa gainean moztuta ere bai. Olharanek ere partida itzela jokatu du. Hasieratik nerbio handiarekin, erritmoa jarri du. Defentsan bikain, pilota asko sartu du eta tantu onak bukatu ditu. 

Txapelketa honetan, Ibarluzearen helburua maila ona ematea zen. Ondo jokatzea eta ligaxkako fasea gainditzea. Behin hori lortuta, finalerdietan orain arteko bikote onena kanporatu dute eta finalera heltzea sari handi bat da. Helburuak, sobera daude beteta.

Barandikak eta Lopezek berriz, partidari buelta eman behar izan diote finaleran sartzeko. Ondo sartu dira jokoan Johan Sorozabal eta Julen Del Rio. Biarritzeko aurrelariak oso maila ona erakutsi du Uni-ko hiru partidetan. Errebesez agintzen jartzen da eta aurrean, errebesez zein eskumaz errematatu du. 2-6 jarri dira aurretik, Johan eta Julen. Gasteiztarrak mina egin du gaur ere eskumarekin eta 11-15 irabazi dute lehen seta.

Bigarrenean, Barandikarena izan da lehen tantua, errebotez (1-0) eta bikote marroiak hartu du agintea. 4-4 berdindu ostean, 6-4, 8-5 eta 10-6 hasi dira nagusitzen. Partidako momentu horretan, gerriko lesioa izan du Del Riok eta Gorka Mugartegi «Atain» sartu da, ordezko bezala, partida amaitzera. 15-9 bukatu da jokoa eta desenpatekoan 5-2 nagusitu dira beteranoak. 

Finala uztailaren 16an da, Karmen egunean. Hamar eguneko tartea dute bai batzuk eta bai besteek. Txapelketa osoan giro itzela egon da frontoian baina finaleko egunean, Unian ez da inor kabituko. Onenak irabaz dezala!

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE