Martinez Irujok onartu du larunbateko partidak ikasteko balio behar diola: akatsak zuzendu eta horrenbeste sufritu beharrik ez izateko
Berria
Eztabaida mahai gainean dago. Aldekoak gehiago ditu kontrakoak baino, baina Juan Martinez Irujok Binakako Txapelketari ekiteko izan duen moduak ez du inor ez arre ez iso utzi. Arriskuak neurtu egin behar direla, ez dagoela zertan; txapelketa kontu serioa dela, horregatik eman behar dela ikuskizuna; tantoak adina kale egitea ez dela ikuskizuna, ikuskizunari buruz oso kontzeptu ezberdinak daudela.
Fernando Goñi mintzatu da bikotekideari buruz, haren jokatzeko modua hori dela esanez eta partidak aurrera ateratzen badituzte berari berdin zaiola esanez onartu du, hala ere, askotan airean jartzen duela, tantorik egiteko lekurik ez dagoen tokian, tantoa ikusten duelako gehiegitan . Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoa ere mintzatu da: «Irujok tanto asko bukatzen ditu, baina opari asko egin ere bai. Indar pixka bat aurrezten ikasten duen egunean errazago aterako ditu partidak aurrera. Hori da bere jokatzeko modua, horrela apurtzen ditu kontrarioak, baina horrenbeste opari egiten baditu asko kostatu behar zaio 22ra iristea».Joan den larunbatean Iruñean jokatutako partidari buruz ari ziren guztiak. 16 tanto egin zituen bertan Irujok, baina 12 galdu. Final-laurdenetarako bigarren partidarako pilota aukeraketa atzo arratsaldean zuten Azkoitian. Irujori, noski, bere jokatzeko eraren inguruan sortu den eztabaidari buruz galdetu zitzaion estatistiken arabera, orain arte jokatutako lau partidetan 9,2 tanto egin ditu batez beste, eta 8 galdu. Estatistikek, bikotekideak eta bere zuzendari teknikoak esandakoak aintzat hartu ditu nonbait nafarrak (oraingoz). «Iruñeko partidaren ostean argi eta garbi ikusi zen final-laurdenetako edozein bikote iritsi daitekeela finalera. Guri, akatsak zuzendu eta horrenbeste sufritu beharrik ez izateko balio behar digu. Nik, pertsonalki, opari gutxiago daukat egin beharra. Fernandorekin primeran konpontzen naiz, hura da nire asegurua, eta konfiantza handia daukagu elkarrengan», adierazi du Irujok Asperen web orrian (www.aspepelota.com).
Piloten aitzakiarik ez, ez Azkoitian ez Idiazabalen
Ez zen pilotei buruz kexarik izan atzo egindako bi aukeraketetan. Azkoitian, «jokatzeko pilota politak» zirela esan zuen Irujok bai eurenei eta bai kontrarioenei buruz. 104,1, 105,4 eta 105,7 gramokoak aukeratu zituzten berak eta Fernando Goñik. 103,6, 104,9 eta 105,1 gramokoak Sebastien Gonzalez eta Iñigo Pascual kontrarioek. «Bigarren aukera hau baliatu nahi dugu, baina egokitu zaizkigun kontrarioak horren gogorrak dira…», Gonzalezek esana.
Atzoko lehenengo pilota aukeraketa, dena dela, Idiazabalgo Igarondo frontoian egindakoa izan zen. Olaizola I.a-Zearra eta Olaizola II.a-Otxandore- na aritu ziren bertan. 103,4, 104,3 eta 103,8 gramokoak aukeratu zituzten lehen jardunaldiko irabazleek (Olaizola I.a-Zearrak). Ez zuten piloten aitzakiarik jarri, baina aukeran jarritakoen artean «gehixeago irteten direnak» bota zituen faltan Oier Zearrak. Kontrarioek, Olaizola II.ak eta Otxandorenak, pilota pisutsuen alde egin zuten apustu: 107, 107 eta 106,9 gramokoak.Gaur egingo dira final-laurdenetarako beste bi pilota aukeraketak. Eibarko Astelenan dute hitzordua Berasaluze VIII.a-Ruiz eta Bengoetxea VI.a-Belokik (11:30), eta Tolosako Beotibarren Titin III.a-Barriolak eta Xala-Lasa III.ak (16:30).