ORIAMENDI2010, HERNANIKO UDALAK ETA KRONIKAK HITZARMENA SINATU DUTE ERREMONTEA HERNANIRA GEHIAGO HURBILTZEKO

 

Foto Maialen Andrés

Erremonteko Oriamendi2010 enpresak hitzarmena sinatu du Hernaniko Udala eta Dobera Euskara Elkartea-Kronikarekin erremontea Hernanira eta hernaniarrei hurbiltze aldera. Hitzarmenak datozen hamabi hilabeteetarako sinatu da eta bertan egon ziren Oriamendi2010eko Xabi Gonzalez gerentea, Luis Intxauspe Hernaniko alkatea eta Leire Goñi Iradi, Dobera Euskara Elkarteko idazkaria.

 

DESKONTUAK HERNANIARREI ETA GAZTEENGANA ERREMONTEA HURBILDU

Luis Intxauspe alkatea izan zen lehenengoa hitza hartzen eta lankidetzaren nondik norakoak azaldu zituen. «Hernaniko Udalak, erremontea herrian sustatzeko helburuz, lankidetza-hitzarmena sinatu du. Erremontea maila profesionalean egunerokotasunean jokatzen den frontoi bakarra da Galarretakoa. Azken finean, asteroko jaialdiak eta txapelketa gehienak bertan jokatzen dira. Hortaz, Hernaniko kultur ondare berezia da erremontea eta guri, hernaniarroi, dagokigu kontserbatzea eta zabaltzea».

Udalak konpromisoa hartzen du pilota modalitate horren ezagutza eta, ahal bada, afizioa, herrian sustatzeko, eta, bereziki, haur eta gazteen artean. «Horretarako, udal kirol udalekuetan, beste kirolekin batera, erremontea ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute haur eta nerabeek. Horretaz gain, Gaztelekuan ere erremontean aritzeko aukera eskainiko zaie gazteei».

Horretaz gain, erremontea herritarren artean ezagutarazteko beste ekimenekin bat ere egingo du. «Adibidez, Oriamendi enpresarekin sinatu dugun hitzarmenari esker, hernaniarrek Galarretako partidak ikusi ahalko dituzte sarreraren erdia ordainduta. %50 eta %60ko beherapen arean izango da. Nortasun Agirian Hernaniko helbidea azaltzea nahikoa da sarreren prezio murriztu horretaz onuratzeko Erremonte egunetik aurrera, hau da daotorren larunbatetik, alegia».

Herrian sustatzearekin batera, Turismo Sailaren bidez, herria ezagutzera datozen bisitariei ere aukera eskaintzen zaie «Galarretara joateko eta erremontea gertutik ezagutzeko, bai partidak ikusten bai norbera egun batez erremontista izaten».

 

ERREMONTEA EZAGUTU, GOZATU ETA PRAKTIKATZEKO

Oriamendiko Xabi Gonzalez-ek hartu zuen ondoren hitza eta eskerrak eman dizkio Udalari eta Kronikako egunkariari, elkarlana goraipatuz bai hernaniarrentzat bai erremontearentzat suposatuko duen onura adieraziz. «50 urtez erremontearen eta Hernaniko herriaren lotura naturala da. Hain gertu egonik, ez da gure kirolaz gozatzeko aukera gabe inor utzi nahi».

Alkateak aipatu zituen erraztasunak gogoratu zituen. «Helburua da Hernaniko herritarrak Galarretara hurbil daitezen, erremontea ezagutu, praktikatu eta gozatzeko».

Hiruen arteko elkarlana goraipatu du. «Azken finean, Udala da herritarren bozeramailea edo ordezkaria eta Kronika da jendartera iristeko medio zuzenena».

 

HERRI KOHESIOAN LAGUNDUKO DU

Dobera-Kronikao Leire Goñik hasteko, eskerrak eman dizkio Oriamendiri, Kronikarekin gogoratzeagatik.« Izan ere, tokiko hedabideek herritarrekiko duten harreman zuzen eta gertukoan sinesten dugu, eta horretan eragiten saiatuko gara, noski, erremontea bultzatzeko erronka honetan ere».

Kronikaren oinarrizko helburuetako bat da herri kohesioan eragitea, «eta horretarako oinarriak ditu gure hizkuntza bera, euskara, eta gure kultur ondarea eta ondare soziala. Eta hain zuzen, bertako harribitxi bat da erremontea, eta Kronikak argi dauka ezagutzera eman behar dela, ezagutza horrek eragiten duelako maitatzea, zaintzea eta zabaltzea, eta horrek eragina duela herri baten kohesioan».

Horri gehitu behar zaio «Endika Barrenetxea hernaniarra dugula puntako erremontistetako bat, eta ez genuke ahaztu nahi Aritz Zubiri goizuetarra ere. Kronikak azken urteetan Urumeako bailarara zabaltzeko egin duen apustuari lotuta, erremontearen berri bailara osoan zabaltzen segiko dugu, zalantzarik gabe».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE