Pilotariek gustuko materiala aurkitu dute lau t’erdiko txapelketako lehen pilota bazterketetan
IMANOL MAGRO / Berria
Atzo baztertu zituzten aurtengo lau t’erdiko txapelketako lehen kanporaketa partidetan erabiliko dituzten pilotak. Txapelketako lehen hiru partidetako protagonistek, ostiral gauez eta larunbat arratsaldez erabiliko duten materiala hautatu zuten. Uda erdi aldera jasotako kritiken ostean, Asegarcerengandik gehienbat, EPELeko hautatzaile Juan Mari Juaristik eramaniko materialak harrera ona eduki zuen pilotarien artean. Hortaz, haserrerik gabe, jada erabakita daude, lehen hiru partidetako otartxoek gordeko dituzten pilotak.
Atzoko lehen hautaketak, kanporaketa jardunaldiko partida erakargarrieneko pilotariak batu zituen. Patxi Ruizek 103,8 eta 104,9 gramoko pilotak baztertu zituen, bietan arinena nahiko bizia da. Xalak, aldiz, 102,2 eta 105,1 gramokoak hautatu zituen, azken hau larru-bueltakoa. Hautaketaren ostean, Lekuinekoa oso gustura agertu zen materialarekin, «erdi boteko pilotak aurkitu ditugu, oso material polita da jokatzeko». Lizarrako atzelaria ere, konforme gelditu zen aurkitutako pilotekin.
Arrigorriagan eta Muskizen ez zen arazorik egon
Arrigorriagako pilotalekuan ere, bai Enrike Galarzak, bai Imanol Agirrek ez zuten arazorik eduki gustuko pilotak hautatzeko. Nafarrak, 102,3 eta 105,9 gramoko materiala hautatu zuen bitartean, Arteakoak 102,3 eta 105,8 gramokoak baztertu zituen. Azken honek, baztertuen inguruan inolako kexurik izan ez bazuen ere, bere ustetan Galarzaren pilotetako bat «gehiegizkoa» da lau t’erdirako. Galarzatar gazteenak, berriz, bere pilotak frontisetik «asko irtetzen» badira ere, lau t’erdian jokatzeko gehiegizkoak direnik ukatu zuen.
Eguneko azken hautaketan, Muskizekoan alegia, Galarza VI.ak eta Iñaki Esainek ez zuten inolako kexurik izan. Bazterketa nahiko luzatu bazen ere, biek ala biek pilota egokiak aurkitu zituzten, Juaristiren zakuan. Esainek pilota astunak hautatu zituen: 105,1 eta 104,4 gramokoak, Xabi Galarzak, berriz, arinagoak bereizi zituen: 104,3 eta 103,2 gramokoak hain zuzen.
Abel Barriolak hurrengo asteburuan jokatuko du
Lehen kanporaketako partidak eta joko sistema aurkeztu zirenenetik, protagonistaren baten lesioa zela eta, bigarren asteburura arte atzeratuko ziren hiru partida ezagunak baziren, jada argitu da zein izango da laugarren kanporaketa. Juantxo Kokak eta Abel Barriolak ere, hurrengo astean neurtuko dituzte indarrak.
Aurrez esan bezala beste hiru partidetan, berriz, zalantza da nagusi; partida bakoitzeko zerrendaburuak lesioren batetik irten berriak direlako. Aurkezpenaren egunean, Olaizola I.ak, Chafeeren aurkako kanporaketan kantxaratuko zela ziurtatu zuen, baina ezingo da sasoi betean kantxaratu. Goizuetarrak sorbalda mindu zuen Galdakaon, Zearrak eta Otxandorenak ere min hartu zuten jaialdian. Asegarceko medikuek, sendatzeko hiru aste beharko zituela esan zuten. Errekuperazio epea dela eta, ezin izan du entrenamendu saiorik egin eta taxuzko lan saiorik gabe iritsiko da txapelketara. Beste bi partidak berriz, ez daude hain garbi, bai Martinez Irujo, bai Aimar Olaizola, nahi baino lehenago itzuli beharko direlako lanera. Goizuetarrak txorkatila bihurritu zuen Logroñoko Sanmateoetako Torneoko bigarren finalerdian, eta hartaz geroztik ez du entrenamendurik egin. Aurkezpen egunean aurreratu zuenez, Olaizolatar gazteenak heldu den asteburuan entrenamendu leunen bat egiteko asmoa dauka eta ez daki noiz behartu ahal izango duen bere txorkatila. Olaizolari, gainera, aurkari zailenetakoa egokitu zaio Sebastien Gonzalezek joko maila oso altua erakutsi baitu uda osoan. Hirugarren zalantza buruz buruko txapeldunarena da. Juan Martinez Irujok, pasa den astean belauna kaltetu ostean ezingo baitu Bengoetxea VI.aren aurkako partida behar den moduan prestatu. Zuntz hausturarik ez dagoela ziurtatu bada ere, Iberoko txapeldunari oso zaila egingo zaio kaiolarako entrenamendu berezirik egitea eta uda garaian izan duen partida zama ikusita, harritzekoa litzateke Irujok, aurretik, lau t’erdikoan pentsatu izana.