Atzo, Moderne Baionakoan izan ziren pilotak bereizten, eta ez zuten inolako arazorik izan
Gara
Patrick Ozafrainek eta Andde Kurutxarik atzo bereizi zituzten pilotak Moderne Baionakoan. Ez zituzten minutu asko pasatu pilotak aukeratzen, Michel Etxetok ekarritako sortatxoan berehala topatu baitzituzten gustuko pilotak.
Txapeldunak, Ozafrainek, 93,5 eta 94 gramoko pilotak aukeratu zituen; eta Andde Kurutxarik, berriz, 94,5 eta 93 gramokoak. Inork ez zuen aitza- kiarik izan, eta igandera bitarte ongi gorde zituen Etxetok.
Patrikc Ozafrain da egungo txapelduna, eta bera izango da faborito. Pilotei buruz hasi zen hizketan Bankakoa: «Bai, nik bereizi ditudanak eta berak bereizi dituenak oso berdintsuak dira. Gramo eta erdiko aldea besterik ez dute, eta ez dut uste ezberdintasun handirik izango dutenik, nahiz eta hori igandean ikusiko dugun».
Bera da txapelduna, baita faboritoa ere, baina partida zaila izango dela ohartarazi zuen. «Partida zaila izango da, baina bientzat. Bera hasieratik ari da jokatzen, eta konfiantza handiarekin ari da. Partidak ederra izan beharko luke», esan zuen bankarrak.
«Txapelketako hirugarren partida izango da niretzat, eta uste dut geroz eta hobeto ari naizela jokatzen. Sorhueten aurka ez nintzen gaizki, baina Aranbururen aurka hobeki aritu nintzen, eta finalean, uste dut, oraindik eta hobeto arituko naizela», erantsi zuen. Orain arteko bi partidak nolakoak izan diren ere esan zuen: «Sorhuetek ahalegin handiak egiten ditu, eta lan asko eginarazi zidan. Aranbururen kontra, hogeigarren kintzera bitarte parean aritu ginen, eta gero, bera akitzen joan zen. Hor egin nituen aldeak».
Kurutxariri buruz, berriz, honako hau adierazi zuen: «Pilotari oso ona da. 25 urte besterik ez du, baina badirudi hamar gehiago dituela. Berari irabazteko oso ongi sakatu behar dut, eta gero, ahalik eta hobekiena erantzun, orain arte hasierako jokaldiarekin min handia egin baitu».
Eskarmentu handiagoa
Eskarmentu handiagoa du Ozafrainek, baina hori ez omen da erabakigarria: «Nik berezkoetan urte gehiago daramat, baina bera txiki-txikitatik finalak jokatzen ohituta dago, eta ez dut uste alderik egongo denik». Moderneri buruz, berriz, zera esan zuen: «Trinkete berezia da, eta ez dugu partida gehiegi jokatzen bertan. Baina dezentetan entrenatu naiz hemen, baita Kurutxari ere, eta berdintsu izanen da bientzat».
Andde Kurutxari pozez gainezka dago, eta ez da harritzekoa. Profesionaletan lehen urtea du, eta finalean da. «Lehenengo kanporaketatik ari naiz jokatzen, eta kanporaketaz kanporaketa joan nahi nuen; azkenean, finalean sartu naiz», adierazi zuen Baigorrikoak.
«Finala Ozafrainen aurka jokatuko dut, eta bera da txapelduna. Neurketa zaila izango dut, baina ahalegin guztia egingo dut txapela eramateko, nahiz eta jakin hori oso zaila izango dela», adierazi zuen.
Orain arte kanporaketa guztiak gainditu ditu, eta tartean utzi ditu Ezkurra anaiak. Zaharrena orain dela hiru urteko txapelduna, eta gazteena, aurtengo faboritoetako bat. «Egia esan, partidarik zailenak Ezkurra anaien aurka izan nituen; oso gogorrak izan ziren. Patricken aurka oso urduri hasi nintzen, baina gero ongi amaitu nuen. Paxkalen aurka, berriz, partida emaitzak ematen duen baino askoz gogorragoa izan zen», esan zuen. Baigorrikoaren ustez ere, boteak garrantzi handia izango du finalean: «Berak oso ongi sakatzen du; ahal den neurrian erantzun, eta aukera dudanean, nik aprobetxatu. Partida gehiegi luzatzea ez da komeni, bera indarrez oso ongi baitago, Aranbururen aurka erakutsi zuen bezalaxe». Finalerdietan hamasei kintze egin zituen hasierako jokaldiarekin, baina igandean hori lortzea oso zaila ikusten du: «Ozafrain pilotari handia da, eta berari hamasei kintze sartzea ia ezinezkoa ikusten dut. Lortuko banu, askoz ere hobeto, txapela gertuago izango nuke, baina oso zaila izango da».
Dirua aurka
Dirua Ozafrainen alde aterako da, bera baita txapelduna. Horrek presioa kenduko diola onartu du Baigorrikoak: «Hura da txapelduna, eta normala da dirua haren alde ateratzea. Hori alde izango dut, presio gutxiago izango baitut».
Horrek ere pilotei ez zien inolako aitzakiarik jarri. «Pilotak onak dira. Ozafrainenak eta nireak oso tankerakoak dira; ez dute aitzakiarik», onartu zuen. Moderneri buruz, berriz, zera esan zuen: «Moderne trinkete oso berezia da, azkarra; pilota fite ibiltzen da bertan. Nik nahiko ongi ezagutzen dut, baina baita Patrickek ere, beraz, alde horretatik, ez dut uste alderik egongo denik».
Bi finalistak gertukoak dira, Banka eta Baigorri gertu baitaude. Hortaz, bi finalistak elkarrekin ere askotan entrenatzen dira elkarren aurka partidak jokatuz. «Horrela da. Batzuetan berak irabazten dit, eta beste batzuetan nik irabazten diot, baina horrek ez du ezer esan nahi. Gauza bat da entrenamenduko partidak jokatzea, eta beste bat, final bat jokatzea. Bera da txapelduna, eta hori kontuan izan behar da», esanez amaitu zuen jarduna Andde Kurutxarik.
Profesional berri bat txapelaren lehian
Andde Kurutxarik marka berri bat ezarri du, lehen aldiz iritsi baita profesional berri bat Bakarkako finalera.
Orain arte beste inork ez zuen lortu maila nagusian jokatzen zuen lehen urtean final handira iristea, baina Baigorrikoak egin du balentria hori. Marka hori egina dago, baina igandean txapela jantziko balu, hori ere lehen aldiz gertatuko litzateke historian.
Urtarrilaren 20an hasi zuen Txapelketa Etxeberriren aurka jokatuz, eta ordutik astero-astero jokatu ditu neurketak finalera iritsi bitarte. Etxeberri astindu ostean, Francis Karrikarten txanda izan zen, eta final-zortzirenetan Patrick Ezkurrarena, orain dela hiru urteko txapeldunarena. Anaia zaharrena menderatzea nahikoa ez, eta gazteenari ere egurra eman zion, nahiz eta Paxkal txapela irabazteko faboritoen artean zegoen.
Finalerdiak iritsi eta Maite zuen aurrean, bera baino dezentez eskarmentu handiagoa duena, eta hari ere, jipoia. Orain finalean dago. Baigorrikoak galtzeko ez du ezer; eta irabazteko, berriz, asko. Bakarka oso ongi aritzen da, eta irabaziko balu ere, geroz eta jende gutxiago harrituko litzateke.
Sarrerak
Finalerako sarrerak salgai daude. Garestienak 18 euro balio ditu, eta merkeenak, 12 euro.