Ozafrainek ez zion Kurutxariri aukerarik eman

Bankakoak bigarren urtez jantzi zuen txapela, eta luzerako izan daiteke

OZAFRAIN 40

KURUTXARRI 17

Gara

Patrick Ozafrainek bigarren urtez jarraian eskuratu zuen atzo Bakarkako txapela, eta buruz buru jokatzeko onena dela erakutsi zuen Baionan. Urtarrilean Superprestigioa bereganatu zuen eta atzo Bakarkakoa.

Zaleek bazituzten itxaropenak Andde Kurutxarirengan. Baigorrikoak lehen urtea du profesionaletan, baina finalean sartzea lortu du partida handiak eginez. Atzo, ordea, dena oker atera zitzaion. Urduri kantxaratu zen, lehendik oso ongi ez zuen eskuineko eskua mindu zitzaion, eta bestetik, txapeldunari partida on bat atera zitzaion. Horrela ezin txapelik jantzi.

Izan ere, Ozafrainek argi eta garbi utzi zuen bakarka jokatzeko dituen erraztasunak. Gozamena da bera jokatzen ikustea, dena nahi bezala egiten baitu. Atzo gehiegi behartu gabe jantzi zuen txapela, baina ia dena ongi egin zuen, eta ez dago meritutik kentzerik. Partidan oreka zazpigarren kintzera bitarte egon zen, hortik aurrera Bankakoa izan baitzen jaun eta jabe.

Ozafrainek egin zituen lehen bi tantoak, eta bi pilotakada bakarrik emanda, gainera. Hasteko botearekin kintzea egin zuen bere alde, eta hurrengo botearekin, berriz, falta egin eta arerioari kintzea oparitu zion.

Zazpinako berdinketara bitarte partida polita izan zen, teknika handiko bi pilotari ikusten baitziren. Sarea, punpa-sarea eta izkin-motza topatzen saiatu ziren bi pilotariak, eta behin baino gehiagotan topatu ere egiten zuten, zaleen gozamenerako.

Zazpina adostu ostean, Kurutxarik gora bidali zuen pilota, eta Bankakoak ez zuen aukera alferrik galdu beste bi kintze errenkadan egiteko. 10-7koaren ostean, Baigorrikoa berriro ere markagailuan hurbildu egin zen, kintze batera jarriz. Partida asko geratzen zen, eta bazirudien neurketa ederra ikusi ahal izango zela, baina hortik aurrera Ozafrainen nagusitasuna erabatekoa izan zen.

Boteaz ederki baliatzeaz gain, sarea, punpa-sarea eta gainerako jokaldi guztiak bikain egiten hasi zen txapelduna, eta une batetik bestera, 22-14 jarri zen markagailuan. Ordurako dirua nabarmen jarri zen txapeldunaren alde, eta Kurutxari konturatu zen finalak ihes egingo ziola, eta horrela izan zen.

Baigorrikoari arazoak gehitzen ari zitzaizkion eskuan, eta aldea ere horrelaxe ari zitzaion, eta etsitzen joan zen. Ozafrainek, berriz, lehen bezala jarraitzen zuen, eta 33-17ra ihes egin zuen.

Hortik aurrera, partida noiz amaituko zen itxarotea besterik ez zen geratzen, Bankakoa lasai ari baitzen, eta bestea ezinean, eta etsita. Horrelaxe izan zen, Anddek ez baitzuen beste kintzerik egin, eta Patrick, berriz, zuzen-zuzenean berrogeigarren kintzera joan eta berriro ere txapela bereganatu zuen. Astean zehar bi pilotariek ohartarazi zuten boteak sekulako garrantzia izango zuela, eta horrelaxe izan zen, Ozafrainek hamahiru kintze egin baitzituen hasierako jokaldiarekin. Horrenbeste tanto hasierako jokaldiarekin eginez gero, oso zaila izaten da galtzea. Kurutxarik ordura arte bote asko sartu zituen, finalerdietan, esaterako, hamasei, baina atzo bi besterik ez zituen egin, eta hor ere sekulako aldea egon zen. Hala ere, ez dago Baigorrikoari inongo aitzakiarik jartzerik. Lehen urtea du berezkoetan eta orain arte inork egin ez zuena egin zuen finalera iritsita. Ozafrain, berriz, txapeldun handia da, eta lan nekeza izango da berari txapela kentzea.

Ozafrain: «Partida uste baino fiteago joan da»

«Partida fite joanda, baina uste dut Kurutxari ez zela bere unerik onenean. Alde batetik, eskuak justu samar zituen, eta bestetik, libratu ezinik aritu da partida osoan zehar, eta gero niri gauzak nahiko ongi atera zaizkit» esanez hasi zen hizketan txapelduna.

«Hogeigarren kintze inguruan, hamar bat tantoko aldea nuen, eta horrek konfiantza eman dit, eta horrela errazago jokatzen da», erantsi zuen.

Boteak garrantzi handia izan zuela onartu zuen: «Garbi zegoen gehien egiten asmatzen zuenak finala irabazteko aukera asko izango zituela, eta horrelaxe izan da», esan zuen. Azkenik, Kurutxariri buruz zera esan zuen: «Pilotari oso ona da. Aurten hastapenetik hasi eta finalera iritsi da, eta ez da kasualitatea, ahalmen handiak baititu. Uste dut honek gorantz egingo duela» esanez amaitu zuen jarduna Ozafrainek.

Kurutxarik ez zion Ozafrainen garaipenari inongo aitzakiarik jarri: «Bera ni baino hobea izan da, eta merezita jantzi du txapela. Nik ez dut ongi jokatu, baina eskuetan ere arazoak nituen, eta ez dit utzi nire jokoa egiten», esan zuen Kurutxarik. Hala ere, gustura zegoen finalera iritsita: «Lehen urtea dut berezkoetan eta finalean sartu naiz, eta txapeldun handiarekin galdu dut. Orokorrean, gustura nago», esan zuen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE