Usurbilgo Pagazpe taldea izan da lehena XIII. Berria Txapelketako final-laurdenetarako txartela lortzen. Hori bai, ederki sufritu behar izan du Iruñeko Huarte gainditzeko. Ondorengoak izan dira emaitzak.
PAGAZPE 2 HUARTE 1
KADETEAK. Aranguren-Iruretagoiena 22; Peñas-Betelu 2
GAZTEAK. Exposito-Aranberri 10; Etxeberria-Gurrea 22
NAGUSIAK. Urbieta II-Gorrotxategi 22; Espinal-Sarasa 18
Emaitzak berak dioen moduan, kadeteen arteko partidak ez du kolorerik izan. Aranguren jaun eta jabe izan da, eta haren kolpeari esker sufritu gabe irabazi du Pagazpek. Iruretagoienak ere lan duina egin du, baina Arangurenek erakutsi du maila horretako pilotaririk onena dela. Nafarrak saiatu diren arren, ez dute zer eginik izan.
Gazteen artekoan ere ez da kolorerik izan, Huarteren mesederako. Neurketa azkar hautsi da. Gurrea nafar atzelaria nagusi izan da piloteoan, eta Etxeberriak ez ditu aukerak alferrik galdu. Serio jokatuta, gehiago izan da aurreko koadroetan. Esposito saiatu da handik eta hemendik babak eltzetik ateratzen, baina ezin izan du ezer egin. Aranberrik egin txarra izan du.
Hala, nagusien lehiak erabaki du kanporaketa. Pilotalekuan bildutako zaleek emozioa eta partida onaz gozatzeko aukera izan dute. Pagazpeko bikoteak hobeto ekin dio partidari, eta 11-5 aurretik joan da. Gorrotxategi gehiago zen atzean, eta Urbietak ere asmatu du errematean. Hori bai, hortik behera egin dute gipuzkoarrek, eta gora nafarrek. Urbietak, bereziki, ohi baino akats gehiago egin ditu, eta markagailua berdindu egin da: 16na eta 18na. Sarasak lan aipagarria egin du, eta Espinalo ere azti ibili da aurrean. Berandu baino lehen, ordea, Urbieta eta Gorrotxategi esnatu dira, eta azken lau tantoak jarraian eginda, haientzat izan da puntua.
Final-laurdenetan Pagazpek Errekaren aurka jokatuko du.