Asfedebiren taldeak hogei palista eta bi intendente izango ditu: Fernando Castro eta Patxi Ziskar
Pala profesionalak aro berria hasiko du aurki. Emanbilboren porrotarekin enpresari pribatuen kudeaketa betiko bukatu dela dirudi, eta aurki Bizkaiko Kirol Federazioen Elkarteak (Asfedebi) hartuko du modalitatearen lema. Jaialdiak maiatzaren 3an hasiko dira, Bilboko Deportivon, eta aurretik aurkezpen ofiziala egingo dute. Era berean, erabakita dago koadroko pilotari kopurua zein izango den eta intendente berriak zeintzuk izango diren.
Asfedebik maiatzaren 3an hasi nahi zuen jaialdiekin, eta zehazki beteko du jarritako epea. Karlos Lasak, Munduko Pilota Kontseiluko presidenteak, hala jakinarazi zien palistei, eta pilotariak buru-belarri entrenatzen hasiak dira astearte eta ostegunetan. Hasiera batean Deportivon izango dira jaialdi gehienak, eta Asfedebiko ordezkariak hasiak dira hizketan pilotalekuko jabeekin. Geroago, udara begira, pilotaleku motzeko zirkuitua eratuko dute, pala Bilbotik ateratzeko asmoz. Dagoeneko pilotaleku motzeko hogeita hamabost jaialdi ziurtatuta dauzkate Euskal Herri osoan.