PANTERA ARROSAK BERRIZ FINALEAN

* Lehen setak azken unean egin die ihes Urreisti eta Gorkari, eta amore eman dute bigarrenean.

* Bi aurrelariek erremate-festa eskini dute eta Ibarluzea eta Gorka sendo aritu dira.

URREISTI-GORKA vs ERKIAGA-IBARLUZEA: 14-15, 8-15

Erkiaga eta Ibarluzea Winter Serieseko finalean dira. Otsailaren 16an, iazko txapela errepikatzeko aterako dira kantxara. Aurkariak ez ditugu oraindik ezagutzen. Urreisti eta Gorka, gaurko galtzaileak izan daitezke. Bikote gaztea atzo arratsaldean iritsi zen Euskal Herrira eta jet-lagari aurre eginez, lehen joko bikaina eskeini dute. 13-11 eta 14-12 izan dira aurretik. Eskutan izan dute seta, baina eskutik ihes egin die. Bigarrenean 4-1 jarri dira aurretik, baina arrosek 9 eta 1-eko partziala egin dute. Bikote naranjak besoak jaitsi ditu, nahiz eta partida amaieran, zaleen txalo zaparrada jaso.

Partidaren lehen zati gustagarria eskeini digute lau protagonistek. Joko alaia. Erremateak nonahi. Batak egin eta besteak hurrengoan erantzun. Kalitate handiko tantu asko, hasieratik amaierara arte. Atzean berriz, seguru eta sendo, bai Ibarluzea eta baita Gorka ere. Partida hasteko, ez-usteko dejada egin du seigarren koadrotik Urreisti gipuzkoarrak (2-2). Zaila sartu eta hormabikoa sahietzez, hirunakoan. Erkiagak sahietsez erantzun dio (3-4), bi partea bota du ondoren (3-5) eta errebotean txapa gainean indarrez moztu du 3 eta 6koan. Laranjak berriz urreratu dira 6-6 berdindu arte baina Eñautek sakea atera eta Ispasterkoak ez dio barkatu (6-7). Hurrengo sakean ere sartu zaio Erkiaga, baina oraingoan iritsi egin da Urreisti eta berak amaitu du tantoa. Ederra izan da 8-8koa ere. Piloteo gogorra, Urreistik errebotean lurrera bota, Erkiagak ezker horman pilota sartu eta horma biko perfektua bota du.

Erkiagari berari ere sartu zaio sakera Urreisti, 9-8koa egiteko. Txapa gainean eginez, berdinketa lortu du Erkiagak. Hau guztia, lehen esan bezala, bi atzelariak ondo eta seguru jokatzen egon direlarik. Markinarrak meritu handiko tantua egin du aurretik jartzeko (9-10) eta Gorkarekin batera, piloteo ederra eskaini digute. Ibarluzea agindu eta agindu, Gorka eutsi eta eutsi. Halako batean, lapurtarrak metro batzuk irabazi, duen guztiarekin agintzen jarri da eta aukera sortu dio Urreistiri. Mutrikuarrak, ez du barkatu (11-10). Arrosek hamaikana berdindu dute, Ibarluzeari esker baina Urreistik errebote eder batekin egin du 12-11koa. Partidaren momentu horretan, huts egin du Aritzek (13-11) eta 14-12 jarri dira laranjak, tantu faltan. Hiru aukera seta bukatzeko, baina ezin izan dute. Tanto arraroa gertatu baita, momentu erabakigarrian. Erkiagak errebote indartsu bat bota du, frontiseko koxka batean jo du pilotak eta ez-ustean, goruntz atera da, bai Urreisti eta bai Gorka, lekuz-kanpo utziz (14-13). Aritzen sakeari ausart sartu zaio gipuzkoarra, baina errematea txapapera joan zaio (14-14) eta azken berdinketaren ondoren, Erkiagak berak egin du 15.a.

Emaitza honekin kolpe gogorra hartu dute gazteek. Bigarren setean 4-1 aurreratu arren, bosnako berdinketatik aurrera, etsi egin dute. Izan dira tantu ederrak: dejadaz, errebotez, hormabikoz… baina gehiago izan dira huts egindakoak, baita zoriz, alde batera edo bestera joandakoak ere. Erkiaga eta Ibarluzeak erregulartasuna dute. Partida guztian maila bera erakutsi dute eta aurkariek ezin izan dute hori lortu. Aurtengo Ibarluzea, iazkoa baino sendoagoa da gainera. Markinarrak asko ikasi du urtebetean, jokoz zein buruz.

Orain, bigarren finalistak falta dira. Datorren astelehenean partida erabakigarria jokatuko da: Urreisti eta Gorka, Laduche eta Manciren aurka. Urrutiak eta Basquek ere badituzte oraindik aukerak baina datorren asteko partidak, zalantza asko argitu ditzake.

FINALERDITAKO SAILKAPENA

1. Erkiaga-Ibarluzea 8 pt (+13)

2. Laduche-Manci 3 pt (+3)

3. Urrutia-Basque 1 pt (-8)

4. Urreisti-Gorka 0 pt (-8)

FALTA DIREN FINALERDIETAKO PARTIDAK:

Urreisti-Gorka vs Laduche-Manci

Erkiaga-Ibarluzea vs Laduche-Manci

Urreisti-Gorka vs Urrutia-Basque

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE