PARTIDU IKUSGARRIA ETA MARKINARRAK FINALERA

Jai Alai News

* Erika eta Arai markinarrak, nagusitasunez finalera

* Leporaino bete da Ezkurdi pilotalekua, 650 zale harmailetan

* Finalerako sarrerak dagoeneko agortu dira

* Barandikak eta Erkiagak jokatuko dute gizonezkoen banakakoa

Women Winter Series, 2. finalerdia

ERIKA-ARAI vs HELENA-ENERITZ: 15-8, 15-4

Banakako Final Fourra, 2. finalerdia:

López vs Erkiaga: 8-15, 12-15

Pasaden jardunaldian itxura bikaina erakutsi zuen Ezkurdik, eta bigarren honetan bikaina. Frontoia gainezka, sarrerak aurrez agortuta eta giroa itzela. 650 lagun, astelehenez, lehenengo lan egin eta ondoren etxera orduko zesta-punta partiduekin gozatzera. Halakoxea izan da Women Winter Serieseko bigarren finalerdia ere. Ikuskizun ederra eman dute lau pilotariek baina garaipena, nagusitasunez, markinarrentzat izan da. Erika Mugartegi eta Arai Lejardirentzat.

Partidako lehengo tantoa jada, luzea eta ona izan da. Pilotariak eta publikoa berotzeko aproposa. Bana berdindu dute, urdinak 1-2 jarri dira aurretik Lizardiren horma biko batekin eta binakoaren ondoren, gorriak aurretik jarri dira. Erika Mugartegi bikain joaten da pilotaren bila. Pausu bat aurrera eman, pilota bilatu eta gero atzera indarrez botatzen du. 4-1, 5-2 eta 6-4 jarri dira aurretik. Lejardik horma bikoz egin du tantua (6-4) eta Mugartegik txapa gainean hurrengoa (7-4). Lau tantuko aldea ere hartu dute gorriek (11-7) baina Helena durangarrak hirura urreratu ditu urdinak, sahietsetik bikain barrura botata (11-8). Hala ere, hamaikatik hamabostera joan dira zuzenean markinarrak (15-8).

Bigarren jokoan emozio gutxiago egon da, baina ikuskizunak ez du kalitaterik galdu. Erika eta Araik horrela jokatzen badute, zaila da eurei irabaztea. Atzelari bizkaitarrak oso ondo baztertzen du errebesez pilota eta eskuinez gurutzatu egiten du. Eneritzek nahi izan du, baina ezin. Tantu gehienak gorriek irabazten zituzten, 3-0, 8-2, 13-3. Helenak aurrean arriskatu du, ausart jokatuz. Txalo asko jaso ditu, baina tantu gutxi. Gazteena bera da eta indarrean ere igarri egiten da. Baina errematerako ahalegina eta intentzioa, asko eskertu du publikoak. Edozein modutan, markinarrak bikote oso segurua eta oso gogorra direla erakutsi dute gaur. 

Erkiaga, buruz buru nagusi

Banakako Final Four txapelketan, Aritz Erkiagak bi eta huts irabazi du Imanol Lopezen aurka. Ispastertarra lehenago egokitu da Ezkurdiko eszenatoki berrira. Txapa gaineko batekin ekin di partidari Erkiagak eta errebotean horma-bikoa bikain botata erantzun dio zumaiarrak. Binakoaren ondotik erakustaldia eman du Aritzek. Errebotean min handia egin du, bai horma bietara eta bai barrura indarrez botata. 2-7 eta 3-9 jarri dau aurretik. Hortik aurrera, estrategia aldatu du Imanolek. Txulara botata, pilota dexente ateratzen zen. Horren ordez, errebesez baju-bajutik botatzen hasi da, pilotari lehenengo botea lurrean eraginez, ondoren errebotetik gutxi ateratzeko moduan. Lau tantura urreratu da (5-9) baina Aritzek berriz aldea handitzea lortu du (8-15).

Bigarren jokoan gerra gehiago eman du Lopezek. 6-4 joan da aurretik. Tantuetako batean, zurezko kontrakantzan lurrera bota da Imanol, handik erreboteatu eta bi pareta egin du suabe suabe. Baina 7-5koaren ondotik, hiru sake atera ditu Aritzek errebotera. 8-7 deskantsura. Atsedenetik bueltan zortzina berdindu du Imanolek baina Aritzek ihes egin duenean, ezin izan du berriz harrapatu. Hamairugarren tantua bikaina izan da. Aurrera egin du Erkiagak, ezker horman pilota zail bat sartzera joan egin da eta gero sahietsetik bikain amaitu du. Hamalaugarrena berriz, zazpigarren kuadrotik txapa gainean utzitako ñakua. Emozioa ia azkenera arte mantendu da, baina pare bat tantuko aldea beti Erkiagaren alde. Azkenean, 12-15 bizkaitarrarentzat.

Astebete barru, finalak

Datorren astelehenerako jada ez dago sarrerarik. Gaur saldu dira geratzen ziren azkenak. Giro bikaina biziko du berriz, Ezkurdi eraberrituak. 19:30tan hasita, bi final:

Women Winter Series
MAITE-MAIALEN vs ERIKA-ARAI

Banakako Final Four-a:

Barandika vs Erkiaga

Argazkiak/Fotos: ERAMAN JAI ALAI

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE