Patxi Ruiz. Garazi Mtnez Suarez argazkia
Naroa Mtnez Suarez
Atzokoa Labriten finalerdietara pasatzeko partida tradizionala bilakatua zen, irabazten zuenak aurrerapausoa emango zuelako. Retegik eta Patxi Ruizek gozatzen zuten aukera hori. Urratsa Patxi Ruiz lizarratarrak eman zuen. Hasieran 4-9kora arte Julenek bere aukerak erakutsi zituen eta beteranoak, urduritasunak paralizaturik, ezin zion aurre egin gazteari. Norgehiagoka iruindarrarentzat, argi, izango zela ematen zuen. Ordura arte Ruizek ez zuen asmatzen erasora pasatzen, pilota asko entregatzen zituen.
Horren isla da Patxik partidua amaitzerakoan esandakoa “urduri nengoen, oso aurrean jartzen nintzen dejadaren beldur nintzelako. Baina aitak lasaitu nauenean, botez jarri naiz, nire joko-mota eginez eta aurrera egin dut”.
5-9koa, berriz, bi-pareta polit bat izan zen eta horrekin hasi zen atzelariaren erantzuna. 8-0ko partziala gauzatu zuen denetariko jokaldiak eginez: dejadak zabalera, ezker zeharrak, sakeak… Retegi behera etorri zen eta berak entregatzen zituen pilotak momentu haietan. Ezker eskua ukitua zuenaren antza ematen zuen eta dejadak egitean itsutu ere egin zen, ez zuen asmatu.
Erremontadan zehar jolastu ziren partidako tantorik gogorrena (6-9)eta ikusgarriena (8-9). Pilotari biak gogor joka aritu ziren lehenengoan eta bigarrengoan Patxik ezker zehar oso gurutzatua bota zuen txokotik zabalera.
Bederatzinako berdinketatik aurrera, gazteena joan zen momenturo markagailuan atzetik eta jolasean ere, asmatu ezinik. Rolak trukatu zituzten norgehiagokaren erdialdetik aurrera. Lizarratarra lasaitu egin zen, bere aukeretan sinetsi eta pilotari gogor astinduz hasi zen. Sakez hainbat tanto eskuratu bazituen ere, alderik nagusiena kolpean egon zen. Piloteoa menperatu egiten zuen erriberako pilotariak.
Julenek tanto txukuna lortu zuen (19-14) kontraerasoan ezkerrez zabalera botatako pilota bati esker. Halere, sakea berreskuratu arren, ez zuen erasoan asmatu. Azkeneko 3 tantoak berriro ere joaz bereganatu zituen atzoko irabazleak.
Beraz, bi zati oso desberdindu izan zituen atzoko partidak, bakoitzean pilotarietako bat bestearengatik guztiz menperatua zegoelarik. Pilotaririk helduenak jakin izan zuen bere aukera hobeto probesten eta horri esker egongo da txapelketa garrantzitsuenetariko honen hurrengo fasean. Bere hitzetan “ez du inporta pilotaren bat entregatzeak, gero hainbeste ematen badiozu pilotari”.
Finalaurrekoa Irujoren kontra izango du bi aste barru. Beste finalerdian Xala eta Olaizolak neurtuko dute elkar.
Partidako datuak:
Partzialak (lehenengo zenbakia Patxi Ruizentzat): 1-0; 1-1; 3-1; 3-3; 4-3; 4-9; 12-9; 12-11; 16-11; 16-13; 19-13; 19-14; 22-14.
Sakez: 4 Patxi Ruizek, 1 Retegi Bik.
Bigarren mailakoan indartsu datoz
Arratsaldeari hasiera eman zion partidan Saralegi eta Apraiz eta Bengoetxea VI eta Mendizabal II aritu ziren aurrez aurre. Dagoeneko elitean dabiltzan bi pilotari, elite horretan bere lekutxoaren bila dabiltzan beste biren aurka. Azken hauek lortu zuten atzokoan partida aurrera ateratzea 22-20ko emaitzaren.
Norgehiagoka oso gogorra izan zen, jokoan zegoen prestigioaren erakusle. Atzelariak joaz ibili ziren eta aurrelariak aurreko koadroetan joko bizia erakutsi nahian. Oso joko parekoa izan zuten.
Azpimarratzekoa da bizkaitarrak ezker eskuaz erakusten zuen beldurra. “Ezkerrez pilota bat ere ez dut gozatu, eskua nahiko gaizki daukat” esaten zigun lanak amaitutakoan.
Esan bezala, partidu oso gogorraren ondoren gorantz doazen pilotariek lortu zuten 22. kartoira heltzea, azkeneko tantoa gernikarrak errebote inguruan lortu zuelarik.
Partidaren datuak:
Partzialak (lehenengo zenbakia Saralegi eta Apraizentzat): 0-3; 1-3; 1-6; 7-6; 7-11; 14-11; 14-16; 18-16; 18-17; 19-17; 19-20; 22-20. (Saralegik 4 sake).
Lemunoren binakako lehen partida profesionaletan
Labriteko jaialdiarekin amaitzeko, iparraldeko pilotariaren profesionaletako lehenengo binakako partida izan zen. Iñaki Eskuderorekin bikotea eginez Belloso eta Izaren aurrean aritu zen.
Deigarria egiten zen bikote urdinak elkar ulertzeko zituen lanak. Hizkuntza aldetik nahikoa ulertzen ez baziren ere, kantxan bikote konpletoa osatu zuten atzokoan.
Atzeko koadroetan Iñaki biak aritu ziren, desberdintasun argirik gabe. Beharbada nafarrak gehiago jo zion, baina pilotaren bat gehiago ere galdu zuen.
Aurrean, ordea, Stéphanek bere ahalak erakutsi nahian eta Bellosok gaitasunak agerian uzteko asmoz aritu ziren. Tanto politak ikusi ahal izan genituen, besteak beste, gipuzkoarraren zabaletik zabalerako jokaldiak eta ezker gantxoak zabalera. Dena den, Lemuno izan zen aipaturiko azken jokaldi mota horrekin tanto gehien lortu zituena, lau hain zuzen ere, 18rako partida batean.
Kexak egon ere egon ziren, irabazle suertatu zirenen alde Bellosoren bi pilotakada zalantzagarri emanez, bigarren botean eramandako bat eta txapatzat jo zuen gantxoa. Egia da, era berean epaileak segituan eskua altxa zuela eta erabakiarekin aurrera jarraitu zuela.
Partida txukuna izan zen, baina jende askorik ez zen geratu berau ikustera. Egia esan, atzo espero zitekeena baino pilotazale gutxiago agertu ziren frontoi iruindarrean. Hala ere, estelarrean giroa beroa izan zen eta animo ugari jaso zituzten pilotari biek.
Partidako datuak:
Partzialak (lehenengo zenbakia Belloso eta Izarentzat): 0-1; 5-1; 5-5; 6-5; 6-7; 7-7; 7-9; 9-9; 9-12; 10-12; 10-13; 11-13; 11-15; 12-15; 12-17; 15-18.