Enekoitz Telleria / Berria
Perfekzioaren legea izenburua zeraman duela bi urte gaurko egunez idatzitako analisiak. Besteen ahuldadeak norberaren indarrerako erabiltzen maisu bihurtutako pilotariaz aritu ginen hizketan. Gasteizko Ogeta frontoian bizi, entzun eta ikusitakoez. Goizuetak eta Leitzak emandako lezioaz, pilotariaren izena eta izana parean jartzen asmatzeagatik. Finalak ulertzeko eta, batik bat, bizitzeko moduan mugarria izan zela hura idatzi genuen, eta aurrera begira jarrita zera iragarri: «A zer lanak eman behar dituen mutiko honek!».
Bi urte geroago, orri zuri berberaren aurrean, protagonista berberei buruz, txapeldun berberari buruz, okertzeko batere beldurrik gabe baina errepikapenarengatik barkamena eskatuz, izenburu berbera jarri diot analisiari: Perfekzioaren legea.Izan ere, duela bi urteko Aimar Olaizola hura perfekziotik oso hurbil ikusi genuela aitortzeko gai izan baginen, perfekziora oraindik gehiago hurbildu dela esatera ausartuko naiz orain. Zergatia? Sufrimendua. Badu esplikazioa: harekin izandako tratuan Aimarri zerbait atzeman badiot bere sentimenduei ongi eusten dakiela da, ez dela bere ahuluneez kazetariokin hitz egin zalea. Kantxan zer egin behar duen uneoro dakien bezala daki kantxetatik kanpo gure galdera eta eztenei zer eta nola erantzun behar dien ederki egiten digula ihes, alegia. Igandean, ordea, txapela berea zela jakin eta norbaiti eskaini nahi ote zion galdetuta, haren eskuin besoa bere tokira ekartzen lagundu diotenak izan zituen gogoan. Bixente Artola masajista, batik bat. «Oso gaizki egon naizen uneetan eman didan laguntza guztiarengatik». Ohitura falta izango da, baina lehen aldiz entzun nuen Aimar zintzotasun osoz eta bihotza zabalik bizi izan dituen une txar horiei buruz hizketan. Ez da aitorpen harrigarria, baina bai baliagarria.Baliagarria zertarako? Askotan arantzek loreek adina balio izaten dutela jakin eta pilotaria bera horretaz ohartu eta baliatu dela jakiteko. Senez, jokoz eta sasoiz duela bi urteko lau t’erdiko txapelduna eta igandekoa berbera dira. Heldutasunez ez. Gailurretik eroritakoan kolpeak latzagoak izaten direla diote, eta Aimarrek 2003ko uztailean hartu zuenak latza izan behar zuen horregatik latzenen artean. Enpresaren interes elkartrukean sartu zen, haietaz baliatu zen bera, haiek berataz adina, hanka sartu zuen, ez zuen asmatu, atzeratu behar ez zen finala atzeratu zen, jokatu behar ez zen finala jokatu, eta besoa txikitu zuen. Txikitu besoa, eta hazi mutikoa. Aldendu egin zen frontoietatik, eta berak bakarrik daki zenbat bidaia egin dituen geroztik Gasteizera (Iñigo Simon medikuaren kontsultara) eta Oiartzunera (Bixente Artolaren etxera). Ez zuela besoa sekula santan lehengo indarrarekin eta talentuz erabiltzerik izango zioten lehen zurrumurruek, «beldurra eta konfiantza falta» Aimarrek berak behin eta berriz errepikatzen zituenak, halako batean frontoietara bueltatu zenean. Eta halako batean, barruan gordeta eta kanpora ateratzeko une aproposaren zain zuena, finalaren ostean esan zuen herenegun: «Garaipen hau oso berezia da, min hartu aurreko pilotari berbera izan naitekeela erakutsi dudalako». Ez gaude ados, orduan baino pilotari hobea da. Gailurretik erortzeko arriskua oraindik ere baduelako, baina horren kolpe latza hartzekorik ez.Txapeldunarentzat izan ohi da loria horrelakoetan, baina finalari buruzkoak ezin dira kitatuta utzi Abel Barriola ahaztuta. Gailurretik eroritakoen klubean Aimar baino lehenago sartu zen hura, baina bueltatu da lehengo tokira. Zorionak eman behar zaizkio ahaleginarengatik eta, batik bat, lorpenarenga- tik. Egia da igandeko finalaren bigarren zatian ez zuela asmatu, baina horren planteamendu ausarta egin eta jokoan jartzen saiatzeak badu bere meritua. Bere hutsek eta kontrarioaren abileziak utzi zuten aukerarik gabe. Aimar Olaizolak eta perfekzioaren bere legeak. «A zer lanak eman behar dituen mutiko honek!». Bis.