BEHAR ZANA ELKARTEKO PILOTA SAILAK MEREZITAKO OMENDALDIA ESKAINIKO DIO URTARRILAREN 31EAN BERE HERIOTZAREN 20. URTEURRENEAN.
Datorren Urtarrilaren 31ean eta goizeko 11etan hasita Pedro Mari Ugalde zenaren omenezko pilota jaialdia antolatuko da Villabonako Bear Zana pilotalekuan. Ugalde gainera, 1998an elkarteko Ohorezko Bazkide izendatu zen eta bere heriotzaren 20. urteurrenean merezitako gorazarrea egingo zaio.
Pedro Mari Ugalde 1996ko urtarrilaren 21ean igandez hil zen gehien maite zuena eginez: pilotan jokatuz. 47 urte zituen orduan eta oraindik ere pilotan jokatzen zuen. Bere azken pilotakadak Irurako trinketean eman zituen Gipuzkoako trinketeko txapelketa jokatzen ari zelarik Salaberria zizurkildarra lagun zuela eta Azpiroz eta Aizpurua oiartzuarrak aurkari zituelarik.
Pilota jaialdi omenaldia hiru ekiltaldiz osatua egongo da. Goizeko 11etan nesken arteko pala partida izango da. Bertan inguruko palista gazte onenak ariko dira; alde batetik, Asteasuko Irati Otaegi eta Zizurkilgo Janire San Sebastian eta bestetik berriz, Itxaso Erasun eta Anne Maiza zizurkildarrak. Azken hau, Behar Zanako pilotari izana dugu eta egungo pala arloko irakaslea da.
Partida erakargarri hau amaitu ostean, 12:00ak inguruan Pedro Mariren familiari omenaldi xume bat egingo zaio.
Eta jaialdiari amaiera emateko, egungo eskuzko lau pilotari onenen arteko pilota partidaz gozatu ahal izango da. Zizurkilgo Peru Labakak eta Azpeitiko Murgiongok, Albizturgo Eneko Labaka eta Zizurkilgo Erasunen aurka lehiatuko dira. Peru eta Erasun, jaialdiko antolatzaile den Behar Zanako pilotariak izanak dira ere.
Pilota maitatu eta Behar Zanako kamiseta defendatu zuenari omenaldi xume eta beroa izatea espero da eta jaialdian bertan pilota zale eta Ugalderen lagunek ez dute hutsegingo.