Pilotaren biribiltasuna: «Koadroak gora eta koadroak behera»


Fronton zalla2
 

Amillategi

Joan den asteburuan Zallako frontoiaren irekitzea zela eta, zaletu batek komentatu zidan frontoiaren neurria ez dela araudiak agintzen duena. Euskal Federazioak argitaratuta daukan Erreglamenduan (internetan begiratu daiteke), bi frontoi labur mota aipatzen dira, bata 30 metrokoa eta bestea 36 metrokoa. Azken honek hamar koadro izando lituzke hiru metro ta erdikoak gehi metro bat. Badirudi Zallako frontoiak 38 metro dituela beraz, araututakoa baino bi metro luzeagoa da.  

Pilotazale honek aipatzen zidan ez ote diran enpresak ibiliko pilota biziago bat ateratzeko nahian. Pilotak gero ta biziagoak direla errealitate bat da. Atano XIIIak berak aipatu izan du, dagoeneko ez dagoala pilota gehiago jartzerik. Pilotaren jagia aztertzerakoan alderdi ezberdinak kontuan izan behar dira: gorantz egiteko daukan gaitasuna, luzetara egiten duen ibilbidea eta abar. Baina argi dagoana da sasoi batean atzeko koadroetara bakarrik pilotari ahaltsuenak iristen baziran ere, ia kontrakora ohitu garela, hau da, ia edonork errebote inguruetan pilota jartzera.  

Gai hau benetan garrantzitsua da ez bakarrik pilotariek dituzten aukerak baldintzatzen dituelako. Gainera, ikuskizunari begira, normaltasun batera iritsi beharra dago, artifizialki pilotari bakoitzaren gaitasunak eta ahuleziak mozorrotu ez daitezten. Adibidez, Del Rey hamar koadrora pilota bidaltzen ikustea ez da oso erakargarria, zeren eta pilotaren ezaugarriei buruz gehiago adierazten digu jokaldi horrek pilotariari berari buruz baino.  

Koadroei buruzko aipamen hau bukatzeko, gertakizun barregarri bat kontatuko dut. Marino pilotariari buruzkoa da. Marino ezaguna da, batez ere, Miguel Gallastegik bere aurka debutatu zuelako.1936an, guda zibila pasatu ondoren, Marino bueltatu zen pilotari lanetara Astelena frontoian eta berarekin zeudenak harrituta utzi zituen esanez “Lehen be Astelena haundiegixa zan neretzat, eta oiñ beste koadro bat gehiago badaka.”. Pedro Mari Iriondo, Astelenako erdiko epaileak aipatzen zuen bezala, “harrituta utzi zituen denak Frontoiaren neurriak lehengoak izaten segitzen zutelako, baina gero konturatu zirenez, egia zen, beste koadro bat zegoen horman eskegita: Francorena”. 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE