Amillategi
Esku pilota beti izan da egiaren kirola. Frontoiaren ormek jartzen dituzte mailak pilotarien artean. Komunikabideetan hainbat artikulu agertu arren “modako” pilotari bateri edo beste bateri buruz, larrua ikutzerakoan, pilotariek badakite egiak agintzen duen halabeharrari ezin zaiola uko egin. Horregaitik, buruz buruko norgeiagokek pilotaren izaera gordina azaleratzen dute. Buruz buru, pilotaren ezaugarri nagusia hierarkia da. Horrela izan da pilotari buruz ditugun erregistro guztiak ezagutzen diranetik. Hogeitamar urtetik gora dugunok gogoratzen dugu “eskailera” sistema. Pilotari bakoitzak leku bat irzabazita zuen aurreko urtean egindakoarekin. Leku hori finkatuta zeukan, beraz hierakiaren islada garbia zen. Horrela, kutsu aristokratiko bat hartzen zuen buruz buruko txapelketak, eta txapeldunen mitoak haundiz joaten zen urteetan zehar. Eta mitoak beharrezkoak dira pilota munduan.
Aurten txapelketaren eraketa aldatu egin dute. Izar gehiago eta pilotari “langile” gutxiago sartu dituzte. Partiduak jokatu diran einean, zaletuen ikusmina uste zen neurrikoa ez dela izan nabaritu da. Arrazoi bakarrak edo sinpleak aurkitzea erraza da, baina normalean bat baino gehiagogaitik okertzen dira ibilbide zuzenak. Aste honetan aipatzen zidan komunikabideetako aholkulari batek joera bat finkatzen ari dela ikuskizun gehienetan guztiz aldagarria bilakatuko dena etorkizunean: operan estae baterako, gero ta jende gehiagok ikuskizuna ez du zuzenean ikusten, nahiago dute beraien etxeetatik lasai eserita ikustea. Estatu Batuetan eta Italian ere gertatzen ari den fenomenoa da. Kirol batzuetan ere, esaten zidan nire lagunak, berdin gertatuko da. Beharbada pilotaren munduan joera horren aztarnak argiarazten dira. Ekonomiaren egoera larria ere ahaztu ezineko baldintza da.
Baina pilotaren barnean irtenbideak aurkitu nahi baditugu, lehen aipatutako ekuazioa argi izan behar dugu. Buruz buruko txapelketa hierarkiaren ospakizuna da. Hierarkia hori zalantzen jartzen dituzten sistemak jokoaren ezaugarri bat urratu egiten dute. Eskailera kendu zenean, pilotari batzuei aukera gehiago emateko asmorekin egin zen. Aurtengo sisteman, berriro aukerak murriztu egin zaizkie pilotariei, baina ordainean, ez du sistemak hierarkia indartu.
Gertakizun zoriontsuak ere izan dira. Egiaren txapelketan Retegi Bik egiazko pilotaria dela erakutsi du. Hitz egin dezakegu bere kalitatearen neurriari buruz edota joanbide luzca izando duen buruz buruko lehiaketetan. Baina hor dago. Retegi II arrunten taldean kokatuta zuen Asegarcek. Partidu gutxi jokatzen zituen eta baztergarri bezala zuten mutila. Egitako pilotaria dela erakutsi du.
Txapelketaren hasieran Asier Olaizolak adierazi zuen berak partidu bat baino gehiago irabazteko asmoa zuela. Zaletu askok uste zuten 22ra iristea ezinezko lana izando zela Olazizolatarren nagusiarentzat. Sailkatu da Asier eta modu politak azaldu ditu, betidanik izan dituen ahuleziak lanarekin betetzen ikasi daualarik. Benetako pilotaria eta pilotari osoa bilakatu zaigu Asier.
Patxi Ruizek ilusioz beterik hasi zuen lehiaketa. Baztertuta izatetik binaka, bere burua onenekin takuak jartzen ikusi du oso denbora gutxian. Patxik berezko doaiak ditu buruz buru jokatzeko. Ikasten ez diren baldintzak bere bakarkako jokoan nabarmentzen zaizkio. Buruz buruko jokoa aristokratikoa bada, Patxik sehaska oneko mutila dela erakutsi nahi izan du.
Ordu haundiaren atarian gaude. Egitako pilotariak ditugu txapel bakarra eskuratzeko irrikitan. Guk ere lagundu diezaiogun maite dugun jokoari et abete ditzagula frontoiak.