Gure artean oso ohikoak ez diren hainbat pilota ekitaldi antolatu dituzte igandera bitartean
Gara
Telebistak askotan mugatu egiten duen arren, kirol gutxik du pilotak duen jokamolde aniztasuna. Horren erakusgarri bikaina izango da, beste behin ere, bihar hasi eta igandera arte iraungo duen Usurbilgo Pilota Astea. Hirugarren ekitaldia dute aurtengoa, eta makina bat ekitaldi antolatu dute egunotarako.
Bihar arratsaldeko seietan, herriko haurrek pilotari profesionalekin entrenamendu berezi batez gozatzeko aukera izango dute. Ekitaldira gonbidatu dituzten pilotariak Abel Barriola, Martin Alustiza eta Oier Zearra dira, eta gaztetxoek eurekin arratsalde polit batez gozatzeko aukera izango dute.
Ostiral goizean, 10.00etatik aurrera, hiru pilota partida jokatuko dituzte Usurbilgo pilotalekuan. Paletaz, gomako pilotekin, Peluaga eta Huegun loiolatarrek Usabiaga eta Zumeta usurbildarren aurka neurtuko dituzte indarrak lehenik, eta ondoren, emakumezkoetan, Muneta eta Larramendi nafarrek Mendizabal eta Urkizu gipuzkoarren kontra jokatuko dute. Jaialdia Frontis enpresako pilotari profesionalek osatuko dute: Ariznabarreta eta Altuna Alustizaren eta Elolaren aurka.
Pilota Asteko egun handienak larunbata eta igandea izango dira. Zapatuan, bote luze partida bat izango da ikusgai, 12.00etan, Usurbil eta Lapurdiko taldeen artean, eta arratsaldeko bostetarako pilota jaialdi oso berezia dago antolatuta Zubietan. Hasteko, joko garbi norgehiagoka bat jokatuko dute Zubieta Kirol Elkarteko pilotarien artean, eta ondoren etorriko dira partida nagusiak: zestan, Sarasua eta Rabadan Aizpuruaren eta Barrondoren aurka ariko dira; pala motzean, Arruti eta Argote Zubeldiaren eta Mujikaren kontra; erremontean, Vitoriak eta Agirrezabalak Sarasuarekin eta Olazarrekin neurtuko dituzte indarrak.
Igandean, azkenik, kirolak eta festak bat egingo dute ekitaldiei itxiera emateko. Eguerdian, nesken arteko frontenis partida jokatuko du Euskal Herriak Kataluniaren aurka, eta jarraian, Bertso Pilota ikuskizuna izango da. Ibai Asoainek eta Kerman Errekondok osatutako bikoteak Jokin Sorozabal izango du botillero; Unai Loidi eta Mikel Elexpek, berriz, Jexux Mari Irazu. Epailea Unai Agirre hernaniarra izango da. Antolatzaileek gonbidapena egin nahi diete Euskal Herriko pilotaren zale guztiei.
«Pilotari beste ikuspegi batetik heltzea dugu helburu»
A.A.
Badira lau urte, Usurbilgo zenbait pilotari, entrenatzaile eta kirol horren inguruan zebilen hainbat pertsona bildu zirenetik eta Usurbilgo Pilota Astea lehenengoz antolatu zutenetik.
Haritz Zubiaur Pilota Asteko arduradunetako batek aipatu du: «Gure helburua pilotari beste ikuspegi orokorrago batetik heldu eta jendeari helaraztea izan da». Bere hitzetan, «hainbat jokamolde gazteei ezagutarazteko balio du aste honek, nahiz eta oso zaila den ezagutza hutsetik parte hartzera eta benetan jokatzera pasatzea».
Alde horretatik, antolatzaileak pozik daude ekitaldiak aurreko urteetan izan duen harrerarekin. «Usurbilgo pilotalekua herriaren erdi-erdian dago, eta jendeak beti erantzuten du horrelako ekintzetan. Afizio handia dago eta horrek asko laguntzen digu. Egia da, zenbaitetan, egun bateko edo aste bateko kontua bakarrik dirudiela, baina guk ahalegina egiten dugu jendearen artean pilota gose hori pizteko. Zailena piztu den ikusmin horri jarraipena ematea izaten da, baina horixe dugu helburu», adierazi du Haritz Zubiaurrek.
Egitaraua osatzea zaila izan ote den galdetuta, Haritzek «beste urte batzuetan baino errazagoa» izan dela aipatu digu: «Antolakuntza lanetan gabiltzan ia denok saltsa askotan sartuta gauden pertsonak gara, eta bilerak hitzartzea ez da erraza suertatzen, baina aurreko urteetako esperientzia baliatuz, aurtengo Pilota Astearen nondik norakoak zehaztea lan nahiko arina izan da».
Nabarmentzekoa da, alde horretatik, ahalegin berezia egiten dutela antolatzaileek horren ezagunak ez diren jokamoldeek ekitaldi horretan lekua izan dezaten, eta askotan nahiko zaila izaten da lan hori.
Zirikatu
Usurbilgo Pilota Asteak partida bereziak ikusteko aukera emango du, besteak beste, Euskal Herriko eta Kataluniako selekzioen arteko emakumezkoen frontenis norgehiagoka. Arduradunek honakoa adierazi dute: «Berrikuntza hauekin betiko pilotaren zalea zirikatu nahi dugu, eta, jendearen jakin-mina baliatuz, pilotaleku batean ikus daitekeen ikuskizunak mugarik ez duela frogatu».
Gaztetxoen artean ilusio handien sortzen duen ekintza pilotari profesionalekin antolatutako entrenamendu saioa izaten da. Haritz Zubiaurrek adierazi du: «Haurrek telebistan ikusi ohi dituzten jokalariak eurak bezalako pertsonak direla ikusten dute, gertukoak eta euskaldunak, eta horrek zaletasuna areagotu egiten du». Ez omen da lehen aldia bilkura mota hori antolatzen dutena, eta aurreko bi aldietan arrakasta handia izan du Usurbilgo hitzorduak.