Abenduan hauteskundeak dira, eta baliteke dena pikutara joatea
Jon LEUNDA / Gara
Trinketeko eskuzko pilotarien eta Federazioaren arteko hartu-emana bide onetik doa. Pilotarien batzordea eta Federazioak sortu duen eskuzko pilotako batzordea bilerak egiten ari dira, eta aurrerapauso handiak eman dituzte.
«Batzarrak egiten ari gara, eta orain arte gure eskariak onartzen ari dira. Datorren astean egutegiaren zirriborro bat aurkeztuko dugu, eta azaroaren amaieran egingo dugun bileran hartuko ditugu erabakiak», esan zuen Jean François Aranburuk, pilotarien batzordeko kideetako batek. Hori bai, abenduaren amaieran Estatu frantseseko Federazioko hauteskundeak dira, eta horrek kezka sortzen die pilotariei. «Jean François Pascassio eta Roland Dufour-gek aurkeztuko dute beren burua, eta zein aukeratuko duten jakin arte ezin dugu ezer esan. Pascassio oraingo Federazioak gurekin hitz egiteko jarri duen ordezkaria da, eta gure eskariak balekoak iruditzen zaizkio; beraz, uste dugu bera ateratzen bada ez dugula arazorik izango. Dufourgek, berriz, garbi utzi digu, gauza asko ezingo duela onartu», esan zuen Aranburuk.
Egutegi berriaren arabera, aldaketarik nagusiena Bakakarkakoak eta Binakakoak ekarriko lituzkete: «Bakarkakoa jokatuko litzateke lehenago, abenduan hasi eta martxoan amaituta. Supreprestigioa ari den bitartean hasiko litzateke; hartara, bi lehiaketako prestakuntzak balioko liguke. Gero, udaberrian, Binakakoa jokatuko litzateke». Hori bai, aurten txapelketak jokatuko direla ezin duela segurtatu esan zuen Aranburuk. «Egutegia onartzen bada, abenduan hasiko da Bakarkakoa, baina gero Dufourg presidente atera eta gure eskariak baztertzen baditu, litekeena da txapelketak bertan behera geratzea. Hori pilotarien artean erabaki beharreko kontua da, baina oraindik itxaron egin beharko dugu».