Olaizola II.a-Otxandorenak eta Olaizola I.a-Zearrak final-laurdenetako kitarako partida jokatuko dute gaur Iruñean (17:00 ETB1)
IMANOL MAGRO / Berria
Pilota partida arrunt bati ezin zaio emozio gehiago eskatu. Gaur Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den binakako norgehiagokak pilotazale guztiek gustuko dituzten osagaiak baititu. Gaurkoan irabazteak baino ez du balio, berdinketa hausteko partidan irrist egiten duenak adio esango baitio txapelketari. Horretaz gain, kantxa gainean bi anaia ariko dira nor baino nor gehiago. Sendi bereko bi kide elkarren aurka jartzen dituzten partidek xarma berezia dute ikusleentzat. Olaizolatarrek ohitura horri eutsi diote eta elkarren aurka aritu diren aldietan pilotalekuetako harmailak goraino bete izan dira.
Gaur arratsaldeko partidak, baina, erakargarritasun berezi eta berri bat dauka: polemika. Bi hitzetan, piperra eta gatza. Olaizola anaiak elkarren aurka jokatu dituzten final-laurdenetako kanporaketako lehen bi partidak giro lasaian igaro dira. Errespetua eta adostasuna izan dira nagusi, eta partida beroak izan badira ere, aurreko egunak oso hotzak izan dira. Kitarakoaren bezperak, ordea, beroak izan dira. Pilotazaleak tabernan eztabaidatzeko gaia izan du, eta horrek beste osagai bat gehitu dio partidari. Eztabaida pilota aukeraketa egunean hasi zen, Asier Olaizolak eta Oier Zearrak aukeran izan zituzten piloten inguruan hitz gogorrak esan zituztenean. Biek, beraien desadostasuna agerian uzteko, bi pilota bakarrik aukeratzea erabaki zuten. Hirugarrena, berriz, pilota aukeratzaileak hautatu zuen. Asier Olaizolak larru bueltako pilotarik aurkitu ez izana kritikatu zuen, «txapelketa guztian larru bueltako bizpahiru pilota egon dira, gaurkoak, berriz, normalek baino indar gutxiago dute». Halere, pilotazalea gehien harritu duena Oier Zearraren adierazpenak izan dira. Galdakoztarra gizon hotza baita, bere ahotsa ozen entzutea ez da batere ohikoa. Ostegunean, baina, barrenak hustu zituen: «Haserrea barnean daramat, gaur graziarik gabeko pilota zozoak baino ez ditugu aurkitu. Halere, honek ez gaitu abaildu behar, kontrakoa, motibazio berezia behar du izan». Azken hori da, hain zuzen, gaur Labritera gerturatuko den zaleak espero duena: motibazio berezia. Susmoek Asegarcek Olaizola II.ari hobekien dagozkion pilotak eraman zituela diote, enpresako izar nagusiak txapelketan aurrera egin dezan. Horren aurrean, zaleak, enpresak jarririko ustezko oztopoei aurre egingo dien bikotea espero du. Enpresaren begiko ninia eta haserrea aireratu duen bikotea; esandakoa, polemika eta eztabaidarako bazka.
Bi partida desberdin
Gaurkoa aurtengo binakako txapelketan Olaizola I.ak eta Zearrak, Olaizola II.aren eta Otxandorenaren aurka jokatzen duten hirugarren aldia da. Aurreko bi norgehiagokak final-laurdenetako kanporaketan izan dira eta bikote bakoitzak partida bana irabazi du. Lehenbiziko partida Eibarko Astelenan jokatu zuten, bertan Olaizola I.a eta Zearra nagusitu ziren (22-16). Partida hartan Olaizolatar zaharrena jaun eta jabe izan zen, atzean, Zearra oso seguru aritu zen. Aimar Olaizolak ez zuen jokoan sartzerik izan.
Bigarren partida, ordea, Aimar Olaizolak eta Otxandorenak irabazi zuten (22-18). Bi aurrelariak izan ziren protagonista. Olaizola II.ak azken txanpan erabaki zuen partida, jarraian eginiko lau tantorekin. Asier Zearrak, berriz, ez zuen txapelketa guztian erakutsiriko segurtasuna kantxaratu eta huts ugari egin zuen.