EPELeko pilota hautatzaileak hiru ordu laurden eta 40 pilota inguru behar izan ditu sorta egokia batzeko
IMANOL MAGRO / Berrria
Txapelketak joan, urteak etorri, piloten inguruko ika-mikak berean dirau. Atzo, aurtengo lau t’erdiko txapelketako bigarren pilota aukeraketa egin zen, eta ez zen zalapartarik falta izan. Halere, eta behar baino berrogei minutu beranduago, Imanol Agirrek eta Enrike Galarzak gustuko pilotak aurkitu zituzten etziko, uda ostean Labrit berriz irekiko duen jaialdirako.
Juan Mari Juaristik, EPELeko pilota hautatzaileak, buru-belarri lan egin zuen atzo. Labritera iritsi bezain laster bi enpresetako ordezkariek eurek hautaturiko hamar pilotak eman zizkioten hautatzaileari, horrek galbahea pasa zezan. Hasieratik agerikoa zen pilota ugari, Asegarcekoak bereziki, motel askoak zirela. Enrike Galarzak profesionaletan aritzeko egokiak ez zirela esango zuen geroago. Juaristiri ez zitzaizkion batere gustatu, eta beste bosna pilota eskatu zizkien intendenteei.